Regina Sorarrain izango da alkate berria Alegian

Ataria 2023ko mai. 28a, 22:23

Gaur bederatzi zinegotzi aukeratu dituzte Alegian. Boto guztiak kontatu ondoren, hau izan da emaitza.

 

 

 

 

 

462 boto eskuratuta, Aurrera Alegiako Regina Sorarrain Lasa izango da Alegiako alkate berria. EH Bildu geratu da bigarren, 448 botorekin. Baliogabeak 6 boto izan dira, 18 zuri eta %25,69ko abstentzioa izan da.

«Umiltasunez beterik» hartu dituzte emaitzak Aurrera Alegia taldeko kideek. Hala adierazi du Regina Sorarrain zerrendaburuak, emaitzak jaso berritan. «14 botoren aldeak suposatzen duena oso garbi daukagu. Gauza guztien gainetik, herriaren alde, lau urtetako lanari jarraipena emango diogu, eta hitza ematen dugu geure hoberena emango dugula». Alegiako herriari eskerrak eman nahi izan dizkio, talde osoaren izenean. Lana egiteko «gogoa eta ilusioa» dutela aitortu du. «Herri hau beste modu batera kudeatzeko modua badagoela iruditzen zaigu, eta horren aldeko apustua egingo dugu». Elkarlanean aritzeko asmoa dutela gehitu du, «beti elkarbizitza gauza guztien gainetik jarriz». Era berean, lau urteetan egin duten lana nabarmendu du, «gauza asko eman nahi izan ditugu aurrera, baina badakigu 14 botoko aldea dela, ez dela gehiengo izugarria ere, horregatik diot umiltasunetik hartzen ditugula emaitzak». Herriak emandako aukera ez dutela alferrik galduko esan du. «Herriaren alde lanean jarraituko dugu, oraintxe bezalaxe, elkarbizitza erdigunean jarriz». Elkarlanean jarduteko gonbidapena luzatu dio EH Bilduri. 

EH Bildu oposiziora
Herria erdibituta dagoela ikusi dela esan du Edurne Arrayet EH Bilduko zerrendaburuak. «Guk geneukan guztia eman dugu», gehitu du. Aurrera Alegiako taldekideak zoriondu nahi izan ditu. Udalean oposizioan jardun beharko du datozen lau urteetan EH Bilduk. 

Hemen gaurko informazio guztia.

Alegiako udalbatza ondorengoek osatuko dute:

  1. Regina Sorarrain Lasa (Aurrera Alegia)
  2. Andrea Larrañaga Ceballos (Aurrera Alegia)
  3. Maria Jesus Gaztañaga Otermin (Aurrera Alegia)
  4. Jose Javier Zabala Murua (Aurrera Alegia)
  5. Maialen Landart Herrero (Aurrera Alegia)
  6. Edurne Arrayet Garmendia (EH Bildu)
  7. Alex Goikoetxea Pagola (EH Bildu)
  8. Asier Ezeiza Irazustabarrena (EH Bildu)
  9. Amaia Jimenez Arandia (EH Bildu)

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!