ELKARRIZKETA

«Digitalak argazkilaritza merkatzea ekarri du; analogikoak disfrutatzeko aukera ematen du»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko mai. 19a, 07:59
Ibon Azpilikueta antolatzailea Alegian, egitarauaren ondoan. A. ARROYO

Gaur hasi eta ekainaren 4ra bitarte egingo dute lehenengoz K argazki jaialdia. Ibon Azpilikuetak, Alegiako Argazkizaleen Elkarteko kideak, antolatu du ekimena, eta ez da lehen aldia, aurretik ere antolatu baitu antzeko egitaraurik Tolosako Box.A arte elkartean. 

Argazkilaritzarekin lotutako bederatzi ekimen egingo dituzte datozen egunetan, horien artean, zenbait teknika analogiko ezagutzeko tailerrak, hitzaldiak eta argazki saioa. Horrez gain, Kabia kultur kabina estreinatuko dute, eta hori zer den? Bada, kaleko telefono kabina bat egokitu dute, barruan argazki erakusketak jartzeko. Luze eta zabal hitz egin du Azpilikuetak jaialdiaren nondik norakoez eta argazkilaritza analogikoaz.

Gaur estreinatuko duzue Kabia kultur kabina. Zer da?

Ideia hartu nuen duela urte pila bat Extremadurako Hervas herrian, telefono kabina bat ikusi nuen, zeinak barruan zuen kolektibo baten argazki erakusketa bat. Oso ideia ona iruditu zitzaidan, eta gogoratu nuen herrian, auzoan ere bazegoela kabina bat, edo kendu berri zutena. Beste bat ere bazegoen herriko txoko batean, plazako iskinean eta pentsatu nuen: «Hau ezin dute eraman; gorde egin behar dugu». Duela urte mordoxka bat udalari eskatu genion kabina ez eramateko, guk gorde nahi genuela. Berriro kendu egin behar zituztela entzun genuenean, mugitzen hasi ginen eta Telefonicakoek gordetzeko baimena eman ziguten, Telefonica hitza kenduta. Handik gutxira, norbaitek bertako telefonoa eraman egin zuen eta Telefonica hitza kentzera etorri ziren. Hortik aurrera, asteburu batean hartu eta gorde egin genuen; eta kito. Erakusketa toki bat izango da, eta jasoko duen lehena izango da argazki laburpen bat, iaz elkarte honen 50. urteurrenaren harira egindako ekintzetan ateratako argazkiekin osatutakoa.

 

«Duela urte mordoxka bat udalari eskatu genion kabina ez eramateko, guk gorde nahi genuela»



Festetarako ere hitz egin dugu, eta hortik aurrera ikusiko dugu erakusketak noiz txandakatu, kanpoko jendeari ere jartzeko aukera eman edo zer… Oraindik zehazteko dauzkagu kontu horiek. Barruan jartzen dugunaren balioa kontuan hartu behar da; ezin da gauza oso baliotsurik jarri, kabina ez baita oso sendoa eta erraz apurtu baitaiteke.


Argazki erakusketa kokatuko da kabinaren barruan. I. AZPILIKUETA


Non dago zehazki?

Plazako bazter batean dago, udaletxearen kontra. Originala da, eta beste edozein tokitan egin daitekeen formatu bat ere bada. Egia da herri handietan jarri zituzten kabinek, Donostian-eta, aterpe txiki bat dute, baina, ez dira kabina bere horretan. Herri txikiagoetan, berriz, Azpeitian, Tolosan, Alegian… geratzen da kabinaren bat osoa dena, eta erabilpen berri bat emateko gauza originala izan daiteke. Amesten hasita, aurrera begira sor liteke sare bat kabina erakustokiekin edo… Ikusiko dugu [Barrez].

Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?

Ezingo nuke bakarra aukeratu. Batetik, etorriko da Azkoitiko lagun bat, Jon Andoni [Martin], erakutsiko diguna kolodioi hezearen teknika. Hitz gutxitan, magikoa da; eta etortzen denak gozatu egingo du. Teknika oso zaharra da, baina, ez du gaur egungo argazkien inongo inbidiarik. Oso kuriosoa da: garai bateko kamerarekin, dena kimikoen bidez errebelatuta, dena eskuz eginda… Niretzat oso-oso polita da.

 

«Hitz gutxitan, magikoa da; eta etortzen denak gozatu egingo du»



Bitxikeria bezala solarigrafia tailerra egingo da. Teknika hori asmatu zuena etorriko da: Diego Lopez Calvin. Nahigabe asmatu zuen teknika, baina dagoeneko 23 urte daramatza teknika hori lantzen, eta oso ondo menderatzen du. Oso teknika bitxia da, baina, oso erraza erabiltzeko; eta emaitzak ere kuriosoak dira.

Azken asteburuan, berriz, Juanan Requena etorriko da. Artista hutsa da, oso-oso ona; hemen ez du ia inork ezagutzen, baina, Espainian eta Europan oso ezaguna da argazkiekin eta eskulanekin lotuta. Ikastaro asko ematen aritzen da, lanak Parisko galeria batean saltzen ditu… Hitzaldia emango du, eta oso interesgarria izango da.

Bestalde, nik emango dudan zianotipia tailerra ere badago. Oso teknika erraza da, ezagutzen den lehenetakoa. Umeekin egiteko oso aproposa da, erraza bada ere, oso emaitza politak ematen baititu. Eta hori lotuko dugu ilustrazioarekin, lortutako irudiak margotu, eskulanak egin…

Nola sortu zen jaialdia antolatzeko ideia?

Aurretik, hiru urtez jarraian Tolosan antolatu nuen; garai hartan Box.A arte elkartean nenbilen, eta bertan ere nire kabuz antolatu nuen antzeko formatua zuen egitarau bat. Orain ez nabil Box.An eta iaz elkarte honetan ekintza pila bat egin genituen urteurrena zela-eta; eta pentsatu nuen, horri jarraipen pixka bat emanez, eta hemen egon den talde lana bultzatuz, polita izan zitekeela bertan proiektua martxan jartzea.

Zein izan dira zailtasun nagusiak?

Zailtasun handiena izan da ezagutzen ez dudan horren bila joatea ikastaro bat emateko. Egitarauko gehienak ezagunak dira, ia lagunak, eta horregatik erraza izan da ekartzea. Kontaktua egin nuen beste bizpahiru gauza egiteko, baina, ez dira atera. Horietan zailagoa da: deitu edo idatzi egin behar diozu, aurkeztu, harekin adostu data, prezioa… Horiekin aurten ez da atera, baina, atea irekita utzi dugu beste urteren batean egiteko.

Horrez gain, herrian azpiegiturak erabiltzeko ez dago arazorik. Pentsatuta, baita ere, gauza gehienak elkartean egingo ditugula.

Nondik dator jaialdiaren izena?

Izen bat asmatu behar zen eta K hori hartu dugu kabina hitzetik. Kabina Telefonicari eta udalari eskatu, baimena lortu eta bere tokian jarri genuenerako pentsatzen ari ginen zein izen jarri. Ez dakit nori okurritu zitzaion, baina, kabia, kultur kabina… Hortik zetorrenez, K hori hartzea erabaki genuen. Alegian egiten dugun lehen aldia denez, hortik abiatu eta kito.

Teknika analogikoek ardazten dute jaialdia. Zergatik da garrantzitsua horiek ezagutzea?

Beste mundu bat da. Niretzat politena zera da: norbaitek ez badu ezagutzen, aukera emate horren berri izateko. Hortik abiatu eta ikastea zer den, zer egin zitekeen, zenbat milaka kamera zeuden… Niretzat garrantzitsuena da erakustea zer egin daitekeen, digitala ez dela aukera bakarra; eta hortik aurrera bakoitzak aukeratuko du zer nahi duen. Margotzearekin ere gauza bera gertatzen da: gaur egun badirudi guztiek tabletan margotu behar dutela; eta ematen du ahaztu egin zaigula zenbat arkatz dauden, zenbat kolore… Gauza bera gertatzen da argazkilaritzan, eta hutsetik ezagutzen baduzu oso prozesu polita da: pixkanaka teknika ezberdinak ezagutzea, jabetzea zer egin dezakezun eta zer ez, edo zein den garestia, zein zaila… Gero norberak ikusiko du zer egin eta zer ez, baina, ezagutze hutsa oso polita da.

Ba al du etorkizunik argazkilaritza analogikoak?

Nire ustez, berpizten ari da. Tarteka ematen du ezetz, ero batzuen kontua dela; baina, gero eta ero gehiago daude [Barrez]. Ezin da jakin, baina, ez dut uste galduko denik. Egia da, iraganeko tekniketatik asko galdu direla; fabrikatzaileen erabakiz, gauza batzuk ekoizteari utzi diote eta, ondorioz, galdu egin dira. Karreteek eta beste gauza batzuk momentuz irauten dute.

 

«Fabrikatzaileen erabakiz, gauza batzuk ekoizteari utzi diote eta, ondorioz, galdu egin dira»



Digitalak argazkilaritza merkatzea ekarri du, baina, analogikoak disfrutatzeko aukera gehiago ematen du. Nire teoria da argazki digitalak gordetzeak geure buruan aurkako eragina duela: ezabatu, ahaztu egiten ditugu. Analogikoarekin ere gauza bera gerta liteke, horregatik esaten dut prozesuak amaitu beharko lukeela argazkiak inprimatzen. Norbaitekin partekatzea ere ondo dago, baina perfektua litzateke argazkiak inprimatzea eta album batean gordetzea. Horrela kontzienteago baikara argazkiez, eta baita horietan gordetzen ditugun oroitzapenez ere.


Nolako harrera izan du jaialdiak herrian?

Ez naiz kexatuko, iragarri ditugun kurtso guztiak egingo dira. Lehena izango da koloretan errebelatzea, eta hamar lagunek eman dute izena; gehienez hamabirentzako edukiera daukagu. Zianotipia, berez, haurrentzat pentsatuta genuen tailerra bada ere, dozena bat helduk eman dute izena dagoeneko. Solarigrafia izango da orain pattalen dagoena, baina, espero genuen, teknika ezezaguna baita, oso esperimentala… Kolodioi hezearen tailerra ere zazpirentzako aurreikusten genuen, eta bospaseik eman dute izena. Dena ia beteta, beraz. Hitzaldietan, berriz, ez dugu edukierarik jarri. Orokorrean, herriko jendeak ez du izenik eman. Badakit azken momentuan baten batek izena emango duela, baina, orokorrean, kanpoko jendea da. Hori bai, herriko bi edo hiru lagun badaude.

Aurretik Tolosan ere antolatu zenuen jaialdia. Eskualdean ba al dago argazkilaritzarako zaletasunik?

Alegian, bai. Hogei bat urte daramatzat hemen, eta etorri nintzenean kontatu zidaten garai batean bazela argazkilarien etxe bat, dendaren bat ere bazegoela… Jendearekin hitz eginda jakin nuen aurretik egon zirela argazkilarien bi belaunaldi, hain zuzen, gure aurrekoak. Horrez gain, bazegoen argazki talde bat ere, eta talde horrek jaso zituen herriko argazki zahar pila bat. Guk, argazki elkarteak bezala, urtero ateratzen dugu egutegi bat argazki zaharrekin. Beraz, bazegoen tradizio bat, eta profesionala zen. Gainera, etxe askotan jasota dituzte argazki pila bat herriko festetakoak, ekintzetakoak… Beraz, tradizio profesionalaz gain, bazen jende argazki zalea, zeinak jaso dituen herriko argazkiak.

Jaialdiak izango al du jarraipenik aurrera begira?

Bai, bai, ez bada ezer arraroa gertatzen behintzat… Azkena konfinatu gintuztenean utzi genuen bertan behera. Herrian badaude gazte pare bat mundu hau atsegin dutenak, eta haiekin ere gustura aritzen naiz; zerbait ez badakite galdetzen didate eta ate guztiak irekita ditugu, ekar dezakegu norbait teknika bat azaltzera, tailer txiki bat egin… Jaialdia izan gabe, horrelakoak ere egin ditzakegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!