Udalekuetako izena emateko epea maiatzaren 22tik 26ra egongo da zabalik

Ataria 2023ko mai. 12a, 10:35

Interesa dutenek kultur etxean dauden edo udal webgunean dagoen galdetegiak betez eman beharko dute izena.

Alegiako Udalak haurrentzako eta nerabeentzako jarduera ezberdinak eskainiko ditu uztailean. Batetik, HH3tik LH2ra bitartekoek udaleku irekiez gozatzeko aukera izango dute. Bestetik, LH3tik LH6ra bitartekoek, kirol udalekuak izango dituzte eskura, eta, azkenik, 2006tik 2010era bitartean jaiotakoek udaleku parte hartzaileetan aritzeko aukera izango dute.

Udaleku parte hartzaileetan hiru ekintza egingo dituzte: uztailaren 4an, 6an, eta 11n, eta ondoren lau eguneko eta hiru gaueko irteera bat egingo dute hilaren 19tik 22ra. Parte hartu nahi dutenek 120€ ordaindu beharko dituzte.

Udaleku irekien eta kirol udalekuen kasuan, berriz, bi txanda izango dira, modu honetan antolatuta: lehen txanda uztailaren 3tik 14ra luzatuko da eta bigarrena uztailaren 18tik 28ra. Txanda batean parte hartzeak 55 euroko prezioa izango du eta bietan jarduteak 100 eurokoa. Jarduera guztien ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da, astelehenetik ostiralera.

Izena ematea

Izena emateko bi modu egongo dira. Alde batetik, udal webgunean 'udalekuak' atalean sartu eta bertan topatuko dute interesatuek izena emateko galdetegira bideratuko dituen lotura, 'izena eman' botoia sakatuz. Bestetik, kultur etxean bertan ere eman ahalko da, 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:00etara. Maiatzaren 22ko 9:00etatik 26ra eman ahal izango da izena eta informazio gehiagorako kultur etxera deitu edo idatzi daiteke, 943 65 46 98 zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera.

Plaza mugatuak izango dira eta izen ematearen hurrenkeraren arabera egokituko dira. Ekainaren erdi aldera bilera baterako deialdia egingo da udaleku ezberdinen inguruko xehetasun guztiak emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!