Elorri Aldapa saskibaloi taldea mailaz jaitsi da

Ataria 2023ko apirilaren 26a

Elorri Aldapa saskibaloi taldea, artxiboko irudi batean.

Azken jardunaldiaren ostean hiru talderen artean eman den berdinketa izan da Alegiako saskibaloi taldearen jaitsieraren arrazoia; hirugarren mailan jokatuko du datorren denboraldian.

Elorri Aldapa Alegiako saskibaloi taldeak modu krudelean esan behar izan dio agur bigarren mailari. Azken jardunaldian Eibar Saskibaloiaren aurka jokatu zuten alegiarrek eta 64-58 galdu zuten. Jaitsiera ekiditeko borrokan, Elorri Aldapak irabazita zuen basket average-a aurkari guztiekiko buruz buruko lehian. Hiru talderen arteko balizko berdinketa bat zen taldea mailaz jaistera kondenatu zezakeen aukera bakarra.

Bada, horixe gertatu zen. Zast Zarautzek AZ Casa de la Riojari irabazi egin zion, eta ondorioz, Elorri Aldapa eta aurrez aipaturiko bi taldeak berdinduta geratu dira azken sailkapenean. Hiruko berdinketa hori apurtzeko irizpideak aplikatuta, Elorri Aldapa seigarren geratu da, jaitsierako postuetan. Horrenbestez, datorren denboraldian hirugarren mailan ariko dira.

Zaleei eta babesleei esker ona

Elorri Aldapak eskerrak eman dizkie denboraldi osoan zehar Elorri pilotalekuan taldea animatzen aritu diren zaleei. Bide batez, beste urtebetez Alegian saskibaloiaz gozatu ahal izatea ahalbidetu duten babesleei ere eskerrak eman dizkie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!