Langaurreko etxolan sutea piztu zen atzo

Ataria 2023ko apirilaren 21a

Alegiako Udalak adierazi duenez,  norbait kableak erretzen hasi ostean izan zen sutea, eta teilatuan kalte handiak eragin zituen. Udalari «kezka» eragin dio ezbeharrak eta hausnarketa bat eskatu nahi du horrelako jokabideen inguruan.

Alegiako Udalak adierazi duenez, atzo goizean norbaitek sua piztu zuen Langaurreko etxolan. «Kableak erretzen hasi ziren eta sua piztuta utzita alde egin zuen. Herritar batek ikusi zuen etxolan sua eta suhiltzaileei deitzeaz gain, bera saiatu zen sua itzaltzen. Dena den, suhiltzaileen esku hartzea beharrezkoa izan zen eta ondorioz, kalte material handi samarrak sortu dira etxolaren teilatuan batez ere», azaldu du udalak.

Ez da horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia eta udalari «kezka» eragin dio ezbeharrak. «2019ko uztailean ere izan zen sua etxolan eta Langaurreko komunetan, mahaietan, parriletan eta karteletan ere txikizioak egin izan dira hainbatetan. Gizarteari hausnarketa bat eragin beharko lioketen jokabideak dira. Denok nahi dugu Langaurre txukunago bat eta azpiegitura erabilgarria duena, baina argi dago zerbait berria jarri orduko txikitzen eta lehendik dagoena kaltetzen jarraitzea ez dela bideragarria. Horrelako jokabideekin Langaurre erabili nahi dugunok ateratzen gara kaltetuta».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!