Regina Sorarrain izango da Aurrera Alegia alderdiko alkategaia

Ataria 2023ko apirilaren 17a

2019an ere bera izan zen alderdiko zerrendaburua. Legegintzaldi berrirako oposizioan lau urte hauetan egindako lan guztiari jarraipena eman nahi diote, dagoeneko bidean dauden proiektu berriak alde batera utzi gabe.

Regina Sorarrain izango da maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako Aurrera Alegia alderdiko zerrendaburua. 2019ko udal hauteskundeetan ere Sorarrain izan zen alderdiko alkategaia. «Lau urte hauetan landu dugun konbentzimendu berarekin eta indar eta ilusio handiko talde batekin, herritarren eskaeretan oinarritutako programa bat prestatu dugu. Alegiarren bizi-kalitatea hobetzeko lan egitea da gure helburua, gure leloak dioen bezala, herritik herriarentzat, herritarren ongizatea helburu», adierazi du alderdiak. «Horrela, legegintzaldi berrirako oposizioan lau urte hauetan egindako lan guztiari jarraipena eman nahi diote, dagoeneko bidean dauden proiektu berriak alde batera utzi gabe», gaineratu dute.

Sorarrainek esan duenez, «bide bat eginda daramagu, eta bertan hainbat proiektu gauzatu ditugu, hainbat administraziorekin lan eginez, hala nola, Aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin, herriari hobekuntzak ekartzeko helburu bakarrarekin».

Pasa den astean, Elkarrekin-Podemos alderdiak Gipuzkoako ahaldun nagusirako aurkeztuko duen hautagai Miren Echevesteren bisita jaso zuten Aurrera Alegia alderdiko udal taldeak Alegian, Gipuzkoako Elkarrekin-Podemosek sare sozialetan adierazi zuenez, «udalerriko beharrak eta arazoak gertutik ezagutzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!