Natura oinarri duen horma irudi berria du Alegiako parkeak

Irati Saizar Artola 2023ko api. 5a, 07:57

Langaurreko basoko argazki erraldoi bat margotzea zen lehen ideia, baina aurrekontuagatik horma irudi txikiago bat egin dute; ikasleek parte hartu dute pintaketan.

Alegiako Intxurre elkartearen 50. urteurrenaren ospakizunaren barruan antolatutako ekimena da herrian horma irudia margotzea. Basoari eta arbasoari erreferentzia eginez osatu dute murala, eta LH1etik LH6ra bitarteko ikasleek hartu dute parte irudia margotzen.

Urteurreneko ekintzak pentsatzen hasi zirenean sortutako ideia batetik dator muralaren kontua, Ibon Azpilikueta herritarrak adierazi duenez: «Mural erraldoi bat egitea okurritu zitzaidan, Langaurre basoaren argazki batekin». Kontatu du Langaurre basoa duela 50 urte inguru berreskuratu zela auzolanean, herriko elkarteetatik bultzatuta ekimenaren bidez. «Gaur egun, ordea, ez dago egoera onean, ez nahiko genukeen moduan behintzat: haizeak zuhaitzak bota ditu, merenderoa zaharkitua dago eta jendeak basura ere nahi duen lekuan botatzen du. Mural erraldoi batekin leku hori  goraipatu edo aldarrikatu nahi genuen».

Horrelako mural baten aurrekontua ez zela bideragarria ikusita, zerbait xumeagoa egin behar izan dutela kontatu du. «Ikasleekin zerbait egin zitekeela ikusi genuen, eta ideia hori aprobetxatuz, mural txikiago bat egitea proposatu genuen, haurrekin». Leku ezberdinak baloratu zituzten lehenik, eta parkean egitea erabaki zuten ondoren. «Aurrez ere mural bat margotuta zegoen leku horretan, 2005eko herriko festetan haurrek margotua».

NUN produkzioakeko Xabier Anunzibairekin egin dute lan, diseinua lantzeko eta pintaketa koordinatzeko. «Mural handirako hitza 'arbasoak' izan zitekeela bururatu zitzaion Anunzibairi eta hitz hori mantendu dugu mural txikian ere», esan du Azpilikuetak. Langaurreko basoari erreferentzia eginez letra larriz nabarmendu dute 'baso' hitza. Horma irudian txori bat ere ageri da, okil bat zehazki, eta Azpilikuetak berak ateratako argazki batetik atera dute. 

LH1etik LH6ra bitarteko hartu dute parte muralaren irudia egiten. Guraso elkartekoek antolatu zituzten ikasleak bi taldetan; martxoaren 11rako zegoen hitzordua jarrita, baina eguraldiagatik atzeratu egin behar izan zuten. Astean zehar elkartu behar izan zuten, esku bat bota eta irudiari ekarpena egiteko.

Alegiarrentzat herri basoak, naturaren zaintzak eta auzolanak duen garrantzia irudikatzea izan du helburu muralak, eta Azpilikuetak esan du balitekeela aurrerantzean ere gai berari lotutako beste hainbat txokotan horma irudiak egiten jarraitzea. 

Argazkiak: Ibon Azpilikueta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!