Alegiako udal gobernuak errespetua eskatu dio Osakidetzari

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 29a, 17:00

Alegiako udal gobernuak osasun etxeko gabeziak konponduko dituen proiektu bat eskatu dio Osakidetzari, «ez egungo gabeziak betikotzea».

Aurrera Alegia plataformako kideek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin bilera bat egin zuten Alegiako osasun etxea berritzeko landu duten proposamena aurkezteko. Bada, Alegiako udal gobernuak «hedabide batean argitaratutako informazioaren bidez» jakin du Osakidetzak «begi onez» ikusi duela proiektu hori, eta Osakidetzari« errespetu instituzionala» exijitu dio. 

Arantxa Irazusta Alegiako alkateak esan duenez, Osakidetzak Alegiako osasun etxearen berrikuntzen inguruko «iritzi publikoa» eman du, eta gehitu du «lehenengo Alegiako Udalarai» eman behar diola horren berri. «Alegiako Udalak beti errespetatu ditu indarrean dauden komunikazio kanalak eta diskrezioz egin du lana Osakidetzarekin, eta harritu gaitu tamaina honetako leialtasun instituzional faltak». Unai Iraola zinegotziak gehitu du Osakidetzari ez dagokiola alderdi politikoekin harreman zuzenak edukitzea, «eta gutxiago oposizioan dauden alderdi politikoekin tamaina honetako erabakiak adostea». «Alegiako herritarren ordezkaritza legitimoa Alegiako Udala eta alkatea dira, beraz, Osakidetzak berarekin izan behar ditu harreman instituzionalak», esan dute.  

Irazustak gehitu du ez dela egia Osakidetzak ez duela Alegiako Udalaren partetik inongo proposamenik jaso osasun etxearen inguruan. «Bai egungo eraikina berritzeko, bai beste kokagune batera mugitzeko aukera desberdinak landu dira Osakidetzarekin». 

Alegiako Udalak egungo kokagunean eraikina eraberritzeko proiektua 2016an landu zuela argitu du alkateak, hiru solairuak erabiliz eta 1.049.095,45 euroko aurrekontuarekin. «Osakidetzak ez zuen erantzun», adierazi du. «2020ko otsailean,  udal arkitektoarekin batera bi eraberritze aukera prestatu genituen, azalera erabilgarria kontuan izanik, eta bi egun geroago, bilera egin genuen anbulatorioan, bi mediku titularrekin bi aukerak aurkeztuz, eraikinari ikusten zizkioten beharrak identifikatzeko». 

Era berean, otsail horretan, udaleko arkitektoak metro beharrei erantzuteko hiru solairuren beharra baieztatu zuela esan du Irazustak eta eraikinaren altuera gehitzeko aukera landu zuela. 

Pandemiak, guztia «moteldu», eta Osakidetzarekin «eskuz esku» lan egin zutela ere esan du, «pandemiaren ondorioei aurre egiteko».

2021ean, Lehen Arretako unitate buruari arkitektoaren espazio banaketaren proposamena bidali ziotela argitu dute, eta urte horretako abenduan,  ESI Tolosaldeatik Plan Funtzionala jaso zutela, irisgarritasunaz kezka azaldutakoan. Azkenik, alkateak esan du, 2021eko azaroan Alegiako Hirigintza Plan Orokorra onartu zela. «Bertan, Osakidetzak eskatutako baldintzak betetzen dituen 700 metro karratuko espazio publiko bat aurreikusten da osasun etxearen erabilerarako. Horren berri ere eman genion Osakidetzari». 

Informazio eske

Alegiako osasun etxeak eskualdeko hamaika herritako eta Tolosako bi auzotako bizilagunen zerbitzua eskaintzen du, denera, 6.600 pertsonarena.  «Egungo eraikinak dituen espazio eta irisgarritasun falta oztopo bat direla esan zaigu urte hauetan, eta horregatik landu dugu beste espazio egokiago bat Plan Orokorrean», erantsi du. 

Osakidetzak, «behingoz», Alegiako osasun etxean inbertitu behar duela esan du Irazustak: «Gabezia hauek konponduko dituen proiektu bat eskatzen diogu, eta ez egungo gabeziak betikotzea». 

Alegiako Udalak bilera batera deituko du Osakidetza «modu urgentean». «Erabaki hau zergatik hartu duen eta osasun etxea egungo kokalekuan berritu behar badu, nola egin asmo duen jakiteko eskubidea dute Alegiako Udalak eta alegiar guztiek. Espero dugu kontu hau argitzeko informazio gehiago jasotzea». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!