Tokiko Energia Komunitatea sortzeko lehen urratsak eman dituzte Alegian

Ataria 2023ko apirilaren 5a

Jende ugari gerturatu zen energia komunitatearen inguruan egindako bilerara; aurre inskripzioak zabalik jarraitzen du.

Tokiko Energia Komunitatearen inguruko lehen bilera egin zuten martxoaren 13an Alegian. Alegiako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean ari da egitasmoa garatzen, eta bi erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza kultur etxean egindako saioan, zehazki, Arantxa Irazusta alkatea eta EDINOReko Josu Etxeberria teknikaria.

Lotura honetan Alegiako Energia Komunitatearen inguruko informazio guztia kontsultatu daiteke. Komunitatearen inguruan interesa duenak, aurre inskripzioak egiteko aukerak zabalik du oraindik, webgunearen bidez. Hori egiteak ez duela inolako lotura edo konpromisorik sortzen azaldu dute udaletik. «Erabiltzaileak nahi beste galdera egin ditzake edo nahi beste zalantza argitu». Behin horiek argituta, norberaren erabakia izango da izena ematea edo ez. «Izena ematea erabakitzen dutenei argindar faktura bat ondoan izatea komeni zaie, kontratuaren titularra eta kontuko hogei digituak eskatzen baitira», argitu dute.

Martxoaren 13ko bileratik bazkide fundatzaile izateko beharrezkoak diren bazkideetatik bik, lehendakariak eta diruzainak, izena eman zuten. «Kargu horiek sinbolikoak dira, eta denborarekin aldatu egingo dira, hala ere, udalak parte hartzea eskertu nahi du». Guztira hiru izaten dira bazkide fundatzaileak, eta komunitatearen idazkaritza udalari dagokio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!