Martxoak 8aren harira, BerdinEkin jardunaldia ospatu dute goizean Alegian. Kirola ardatz hartuta, bertan ematen diren jazarpen, sexismo, arrazakeria eta LGTBIfobiaren aurka posizionatu eta ariketa fisikoa eta kirol jarduerak berdintasunerako aukera gisan ulertzeko bidea egitea izan da gaurko egunaren helburua, eta horretarako, hainbat kirol jarduera prestatu dituzte goiz osoan zehar.
10:00etan hasi dira ekintzak. Hain zuzen, frontoian antolatu duten 12 urtetik gorakoentzat zuzendutako binakako basket jaurtiketa eta hiruko txapelketa mistoarekin eman diote hasiera egunari. Ordu berean, herriko neskek bideratutako futbol saioak ere izan dira futbol zelaian, 10 urtetik gorako herriko neskentzat zuzenduak. 10:30ean, 'Ezagutu eta probatu kirol berriak' saioaren baitan, hainbat kirolarik beren disziplina ezagutzera eman dute, eta bertan izan dira Ainhoa Tolosa Kayak surf-eko txapelduna, Euken Fernandez jabalina jaurtilaria, Ibai eta Jone Bengoetxea gimnasia erritmikoan aritzen direnak eta Itziar Huegun hondartza-boley eta boley-pistako jokalaria.
Eguerdian nesken eskuz pilota partidak izan dira pilotalekuan, eta ondoren, helduentzako aerobik saioa egin dute herriko plazan. Bertan, Txintxarriak Martxan taldekoek ere dantza egin dute.
Ekitaldi hau Alegiako Hezkidetza mahaiak antolatu du. Mahai hori udalak, herriko ikastetxeetako guraso elkarteek, ikastetxe horietan berdintasunaren arloaz arduratzen diren irakasleek eta Eztanda talde feministak osatzen dute. Proiektuaren gidaritza Eiherak eraman du.
Sutarri Dantza Taldeari omenaldia
Egunarekin amaitzeko herriko kirolariei eta sustatzaileei omenaldia egin diete, eta aurtengo omenduak Marta Iraola, Nati Murua eta Mari Jose Sutarri Dantza Taldeko sortzaileak izan dira. Hain zuzen, euskal dantzaren transmisio egiteagatik eta herrian egindako lan guztiagatik omendu nahi izan dituzte gaurkoan Alegian.
Ibilbide oparoa du Sutarrik, eta aurten 24 urte beteko ditu hiru gurasoen ekimenez sortutako dantza taldeak. BerdinEkin jardunaldiko antolatzaileek azaldu bezala, "hasieran 20 ikaslerekin hasi bazen ere, 120 ikasle izatera iritsi dira zenbait urteetan, eta ikasleekin batera joan da taldearen eskaintza ere zabaltzen herritarren nahietara". Sortzaileak izan ezik ezik, urte guzti hauetan ere, borondate osoz, taldearen ardura beraiek hartu dutela gehitu dute, "taldeak eta irakasleak kudeatzeko, emanaldiak kudeatzeko, dirua biltzeko ekintzak gauzatzeko... Jakina, hori dena trukean ezer eskatu gabe. Esker hitzak besterik ez dugu zuentzat. Ez dadila haria eten".