Alegian BerdinEkin jardunaldia egingo da

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 3a, 10:32

Kirola ardatz hartuta, bertan ematen diren jazarpen, sexismo, arrazakeria eta LGTBIfobiaren aurka egitea izango du helburu, hainbat jarduerekin.

 

Martxoaren 12an, Alegian, BerdinEkin izeneko jardunaldia egingo da kirola ardatz hartuta. Kirolean ematen diren jazarpen, sexismo, arrazakeria eta LGTBIfobiaren aurka posizionatu eta ariketa fisikoa eta kirol jarduerak berdintasunerako aukera gisan ulertzeko bidea egitea izango da egunaren helburua. Goiz osoan zehar jarduera ezberdinak egingo dira eremu ezberdinetan eta 13:00ean plazan egingo den ekitaldi batekin borobilduko da.

Ekitaldi hau Alegiako Hezkidetza mahaiak antolatu du. Mahai hori udalak, herriko ikastetxeetako guraso elkarteek, ikastetxe horietan berdintasunaren arloaz arduratzen diren irakasleek eta Eztanda talde feministak osatzen dute. Proiektuaren gidaritza Eiherak eraman du eta gaur goizean Alegiako udaletxeko pleno aretoan eman dituzte martxoaren 12rako antolatu denaren inguruko xehetasunak. Bertan, Unai Iraola zinegotziak, Kattalin Miner, Eiera kooperatibako kidea eta Rakel Garcia Alegiako Eskolako hezkidetza arduradunak hitz egin dute.

Hauek izango dira goizean zehar egingo dituzten jarduerak:

  • 10:00-11:45. Binakako basket jaurtiketa eta hiruko txapelketa mistoa. Frontoian. 12 urtetik gora.
  • 10:30-11:45. Ezagutu eta probatu kirol berriak!. Eskolan.
  • 10:00-11:45. Neskengandik eta neskentzako futbol saioa futbol zelaian. 10 urtetik gora.
  • 12:00. Nesken eskuzko pilota partida frontoian.
  • 12:30. Helduentzako aerobic saioa plazan.
  • 13:00. Herriko kirolariei eta sustatzaileei omenaldi sorpresa plazan.

Ekintza horietakoren batean izena eman nahi duenak alegiaberdinekin@gmail.com helbidera idatzita eman dezake.

Ekimenaren antolatzaile eta bultzatzaile diren erakundeek eta elkarteek, herritarrak Alegia BerdinEkin parte hartzera animatu nahi dituzte, jarduera ezberdinen bidez egun eder bat pasatzeko eta berdintasunerako bidean urratsak ematen jarraitzeko balioko duelako.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!