Ikusteko eta ukitzeko moduko erakusketa

Ataria 2023ko ots. 1a, 19:59

'Ukitzeko artea' erakusketa ikusteko aukera izango da otsailaren 9a bitarte, Alegiako kultur etxeko areto nagusian.

Otsailaren 9a bitarte Ukitzeko artea erakusketa egongo da zabalik Alegiako kultur etxeko areto nagusian. Ikusteko baino, ukitzeko izango dira artelanak, bere testura eta erliebeei esker. Horrela, ikusmen urritasuna dutenek aukera dute artelanak ezagutzeko.

Erakusketaren helburua, irisgarritasunaren gaia gero eta publiko gehiagorengana helaraztea dela esan du udal gobernuak, eta artea hezkuntza tresna gisa duten jardueren bidez sustatu nahi dute hori.

Ikusmen urritasuna duten pertsonei artelanak ezagutzeko aukera ematen dien teknika aitzindari bati esker, Bilboko Arte Ederren Museoko bilduma iraunkorreko maisulanen artean aukeratutako zortzi koadrok osatzen dute erakusketa. Teknika horrek irudi lauei testurak eta erliebeak ematen dizkie bereizmen handiko argazkietatik abiatuta eta Didu izeneko teknikarekin egin da.

Erakusketak zortzi lan horietara ukimenez hurbiltzea proposatzen du, baita ikusmen urritasuna duten pertsonei eta bestelako esperientzia artistiko bat bizi nahi dutenei zuzenduriko esperimentazio tailer batera ere.

Kultur etxeko areto nagusia 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 21:00etara izango da zabalik, eta erakusketa ikusteko aukera egongo da.

'Bideak' dokumentala

Otsailaren 8an Bideak dokumentala ikusteko aukera izango da, 19:00etan, Alegiako Elizpe zinean. Aritz Ganboa artzaina da dokumentaleko protagonista, eta bertan izango da, dokumentalaren ondoren solasaldia egiteko. Alegiako mendi asanbladak antolatutako jarduera da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!