Txintxarri Abesbatza Kultur Elkartearen urteko batzar nagusia, ostegunean

Ataria 2023ko urt. 10a, 07:57

20:00etan izango da hitzordua, Alegiako kultur etxean, eta hasi berri den urterako elkarteak dituen proiektuei buruz hitz egingo dute.

Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen jarduera amaitu zenetik, etapa berrian sartuta da jada Txintxarri Abesbatza Kultur Elkartea. Pasa den urtean egin zuten lehen ekimena: gabon kantu eske herrikoia, hain zuzen. Ekimenak arrakasta handia izan zuen, herritar askok bat egin zuen eta talde polita osatu zen kalez kale kantuan ibiltzeko.

Herritarrek kanturako gogoa dutela ikusi zuten ekimen horretan, eta hortaz, Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak bide berri horretan lanean segitu nahi du, herriko kantu zaleei kanturako aukera gehiago eskaintzeko asmoz. Ondorioz, 2023rako ekimen berriak aztertuko dira batzar nagusian. Ostegun honetan izango da, 20:00etan, kultur etxean. Zuzendaritza Batzordeak batzar horretara joateko deia luzatu die elkarteko bazkide guztiei.

Amaitu berri den urtearen errepasoa eta balorazioa egingo dute lehendabizi. Ondoren, elkarteak urte honetarako dituen aurreikuspenak aurkeztuko dituzte. Elkarteko Zuzendaritza Batzordearen zati bat ere berritu egingo dute. 

Herriko abesbatzen jarduera amaitu den arren, elkarteak finantziazioa behar du jarduera berriak aurrera eramateko. Horregatik, oso garrantzitsutzat jotzen da bazkide kopuruari eustea, urteko kuota ordaintzea (urtean 10 euro) eta bazkide berriak egitea. Bazkide egin nahi izanez gero, elkarteko kideren batekin harremanetan jarri edota kultur etxeko postontzian eskaera uztea eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!