ELKARRIZKETA

«Bizipen oso intentsua izan zen, eta urte askotan ez zuten elkarren berririk izan»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 14a, 07:59

Luis Arrietak (Iruñea, 1983) Krakoviatik (Polonia) lurreratu berritan hitz egin du ATARIA-rekin. Alegiako Mendi Asanbladak antolatuta, gaur, 19:00etan, Alegiako Elizpe Zineman izango da Mendiak 1976 dokumentala aurkezten. Lehen euskal zazpi milako espedizio moduan ezagutzen dena du kontakizun. Mendizale bat hil eta beste bat zaurituta jaitsi behar izan zuten, poloniar espedizio baten laguntzarekin.

Gustura Alegiatik jasotako gonbidapenarekin?
Bai. Orain dela urte bat estreinatu genuen Mendi Film festibalean, eta izugarria izan da guretzat, baina abenduan bukatuko dugu Alegia eta Lakuntzako aurkezpenekin. Gure helburua urtebetean dokumentala dibulgatzea izan da, eta jada Antxon Iturriza Emmoa fundazioko idazkariarekin hitz egin dugu, eta Tolosan jarriko den museora eramango dugu jaso dugun eta errekuperatu dugun material guztia. 

Zer kontatzen da ‘Mendiak 1976’ dokumentalean?
Hasieran historia oso ezberdina izatekoa zen. Javier Pastor, 1976an, Shakhaur (HinduKush / Afganistan 7.116 metro) nafar espedizioan izan zen mendizalearen figura ekarri nahi genuen gogora. Talde hori bera 1979an Dhaulagirira joan zen, eta Pastorrek ezin izan zuen egon, urte bat lehenago Gervasuttiko korridorean hil baitzen espedizioko beste kide batekin batera. Ezin izan zuen Nepalen egon, eta nolabait guztien ametsa zen bertan egotea. Nire asmoa Nepalera joan eta 7.000 metroko mendi bat igo, eta duela 45 urte nolakoa izango zen erakustea zen, omenaldi txiki bat eginez Javierri. Pandemiarekin Nepal itxita zegoenez gure hasierako plana aldatu behar izan genuen. Baina bidean, Iruñeako festibal batean filmaren trailerra aurkeztu genuenean, Iwona Zielinska interesatu zen, eta mutil poloniarrak lokalizatzen eta haien berri jakiten ahaleginduko zela esan zigun. Ez zen erraza, zeren 1976ko argazkiak baino ez genituen. 

Aurkitu egin zenituzten poloniarrak, ordea.
Hiltzat ematen genituen poloniarrak bizi zirela jakin genuenean gidoia guztiz aldatu zen. Nepalerako bidaia egin beharrean, Krakoviarako bidaia egin genuen. Film luzea 1976ko Nafarroako espedizioan zentratu zen, eta horren harira eskalatzaile poloniarrekin izan zuten harremanean. Guztia aldatu behar izan genuen, baina orain begiratuta filma gizatiarragoa eta bereziagoa atera zaigu. Abentura bat izan da guztia, eta patuak pieza guzti horiek mugitzea nahi izan zuen. Filmak izan duen gauzarik onena pertsona askoren bizitzetan bukatu gabe zegoen kapituluari irtenbidea ematea izan da; guztientzat bizipen oso intentsua izan zen, eta urte askotan ez zuten elkarren berririk izan.

Bizirik diren bi  espedizioetako kideak elkartu dituzue.
Filmak elkartzen lagundu die. Bai dokumentalaren Bilboko aurkezpenean, eta baita pasa den astean Krakovian bertan ere. Gregorio Ariz espedizioko kideetako bat gurekin joan zen bisitan. Ibilbidearen amaiera sartuta gaude, eta guztia hunkigarriagoa izaten ari da. 

Duela 46 urteko bizipenak jaso dituzue. 
Poloniarrentzat gogorragoa edo hunkigarriagoa izan da. Inor ez zen gogoratzen erreskate hartaz, eta hainbeste urte eta gero, beraien lagun euskaldunak bizirik daudela eta bizipen haiek dokumental batean jaso nahi dituztela ikustea berezia izan zen. Ez zuten inolako berririk, eta gu haienganaino grabatzera joatea, nafar eskalatzaileen bizitzen berri kontatzea,... beraien bizitzako kapitulu bat deskubritzea bezala izan zen. 

Nafarrentzat ez da hainbesterainokoa izan?
Akaso, nafarrentzat bai izan zen harrigarria, baina gerora ere espedizio ezberdinetako kide izan zirenez-eta, presenteago zuten. Baina azken batean guztientzat izan da harrigarria destinoak zer zeukan prestatuta ikustea. Poloniako gerra lege garaian karta bidez zuten harremana galdu zuten, eta garai hartan jende guzti horrek lagun asko galdu zituen mendian, eta 80ko hamarkadan gutunen erantzunik jaso ez izanak, mendian geratuak izango zirela esan nahi zuen. Bizirik eta ondo zeudela jakiteak eta elkartzeak ilusio handia egin zien denei, eta oso polita izan zen guztiontzat.

Zein da dokumentalaren mezua?
Mendiaren dokumental bat egin nahi nuen, eta pertsonen eta balore unibertsalen dokumental bat egin dugu; gizatasuna, elkartasuna eta emozioak daude. Mendiak testuingurua baino ez dira, non pertsona batzuen bizitzetan ezinbesteko izan diren. Ezagutzen ez ziren bi lagun talderen historia da, eta patuak bizitza guztirako elkartu ditu mendian Gerardoren bizitza salbatuz eta Leandrorena galduz. Harremana karta bidez mantendu zuten bitartean elkarri espedizioen berri ematen zieten, eta galdu ostean, 45 urte geroago elkartu egin dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!