Berrikuntza ugarirekin dator Alegiako San Silbestre krosaren hamaikagarren ekitaldia

Ataria 2022ko abe. 12a, 11:59

Ibilbide berria izango du; izena emateko epea abenduaren 20ra arte dago zabalik eta kultur etxean egin behar da.

Bueltan da Alegiako San Silbestre krosa; hamaikagarren edizioa izango da aurtengoa. Abenduaren 31n egingo da ohiko moduan, baina hainbat berrikuntza izango ditu. Alde batetik, goizez egingo da. 11:00etan hasiko dira lasterketak eta ordutegiaz gain, irteera eta helmuga ere aldatu egingo dira ibilbidearekin batera. Eskola parean hasi eta amaituko dira lasterketak; haurren lasterketaren zirkuitua zehazteko dago oraindik.

Helduen zirkuitua, berriz, ondorengoa izango da: eskola paretik abiatu, Etxe Txuri alderako bidea hartu, Fabrensa industriagunearen atzealdera iritsi eta handik Fabrensa aurreko errepidetik eskolara buelta. Guztira 1.300 metro izango ditu helduen ibilbide berriko itzuli bakoitzak. Lasterketa honetan, infantil, kadete eta helduen mailak ezberdinduko dira, nahiz eta guztiak batera abiatu. Infantilek eta kadeteek bi itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari eta helduek hiru. Ez da sailkapenik osatuko eta parte hartzaile guztien artean hainbat opariren zozketa egingo dute. Lasterketen amaieran parte hartzaile guztiek hamaiketakoa izango dute.

Lasterketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 20ra arte dute aukera, kultur etxean. 10 euro ordaindu behar dira eta lasterketarako espresuki diseinatutako kamiseta jasoko dute aurrez izena ematen dutenek. Lasterketaren egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, eskolan 9:30etik 10:30era. Hori bai, egunean bertan izena ematen dutenek ez dute kamisetarik jasoko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!