Gaztetxearen 35 urteak ospatzeko egitarau zabala prestatu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 23a, 07:59

35. urteurreneko ospakizunetan sartu da Alegiako Gaztetxea; artisau garagardoen azoka egin eta gero, otsailera bitarteko eskaintza zabaldu diete herritarrei.

Pasa den astean girotu zuten Alegiako Gaztetxearen 35. urteurrena. Garagardo feria egin zuten ostiralean, eta hamar artisau garagardo dastatzeko aukera izan zuten, besteak beste.

Hurrengo ekitaldia Euskararen Egunerako prestatua dute, eta eguerdian trikitia, txakolina, sagardoa eta pintxoak jarriko dituzte. Behin egitaraua martxan jarrita, ekitaldiak bata bestearen atzetik iritsiko dira, eta herritarrak Gaztetxean elkartuko dituzte. Bateko Bertso Eguna eta besteko babarrun jatea, egun osoko egitarauak prestatu dituzte.

Gabonen bueltan zinema bilakatuko dute gaztetxea, baina horrez gain, taloak jateko aukera izango da, umeen eguna egingo dute edota urteari hasiera ona emateko parranda egiteko toki aproposa izango da. Gabon egunen edo errege magoen biharamuna bertan gozatzeko aukeran ere pentsatu dute antolatzaileek.

Urte hasiera gogotsu hasteko sagardo probaketa ere egingo dute osteko zahagiardoarekin. Gaua luzatu nahi duenarentzat berriz aukera izango da musikarekin. Eta amaierako bi ekitaldiak hitzaldiak izango dira. Erleen munduaz edo sagar ardo eta bestelako hartzituez. Hori bai, ekitaldi gehiago izango direla ere aurreratu dute gaztetxetik.

ALEGIAKO GAZTETXEAREN 35. URTEURRENA
  • Abenduak 3, larunbata
    • 12:00. Euskararen Eguna. Trikitia, txakolina, sagardoa eta pintxoak.
  • Abenduak 10, larunbata
    • 14:00. Bertso Eguna, Intxurre elkartearekin elkarlanean antolatuta, eta bazkaria egingo dute
    • 22:30. Erromeria, Muxutruk taldearekin (5 euro).
  • Abenduak 17, larunbata
    • 14:30. Babarrun jatea.
    • 18:30. Jun da jo txaranga.
    • 23:00. Kontzertua. Hidden Garden.
  • Abenduak 23, ostirala
    • 21:00. Zinea. Urte berri on, amona!.
  • Abenduak 29, osteguna
    • 18:00. Talo jatea.
  • Abenduak 30, ostirala
    • 17:00. Umeen eguna. Jokoak, txokolatea...
  • Urtarrilak 1, ostirala
    • 04:00. Urte Zahar gaua. DJ Naza.
  • Urtarrilak 7, larunbata
    • 16:30. Erresaka kolektibo eguna. Kartak, dardoak, futbolina, ping-pong-a, partxisa...
  • Urtarrilak 13, ostirala
    • 19:00. Sagardo probaketa.
    • 21:00. Zahagiardoa. 00:00. DJ Tintz.
  • Urtarrilak 22, igandea
    • 18:00. Zinea: Akelarre filma. Palomitak, pipak... salgai.
  • Urtarrilak 27, ostirala
    • 19:30. Hitzaldia, Balerdipeko erleen eskutik.
  • Otsailak 1, asteazkena
    • 19:30. Zidernaut-en eskutik hitzaldia (sagar ardoa eta bestelako artisau hartzituak).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!