ELKARRIZKETA

«Nobelak eskatzen du irakurketa aktiboa egitea»

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 26a, 07:59
Andoni Agirrezabala Izagirre idazle alegiarra. J.M.

Esperientzia polita izan da liburu bat idaztea Andoni Agirrezabala Izagirrerentzat (Alegia, 1998). Misteriozko istorioak irakurtzea asko gustatzen zaio eta idatzi ahala ondo pasatzen duela ikusita, idazketa prozesuarekin gozatu du. Pertsonaia bakoitzaren azalean sartzeko ariketa entretenigarria egin zaio.

Erein argitaletxearen Uzta Gorria bilduman kaleratu du 'Etxe Berdea' nobela beltza; alegiarraren lehenengo literatur lana da.

Nobela beltza da 'Etxe Berdea'?

Bai. Gertakizun tragiko bat dago oinarrian, herri txiki batean gertatzen dena. Horren bueltan herriko aguazilak egiten duen ikerketa bat jaso dut. Nobela beltza da, bai.

Testigantza bilduma bat da liburuan jaso duzuna. Hasieratik zeneukan argi egitura hori erabili nahi zenuela?

Bai, egia esan, natural atera zitzaidan. Egitura honi aurkitutako metrajea deitzen zaio, found footage. Irakurleak hartuko du lekuko bakoitzaren testigantza, karpeta batean bilduta aurkituko balu bezala. Banuen gogoa pertsonaia ezberdinen azaletik idazteko edo hitz egiteko eta ikusten nuen teknika hori ondo zetorrela. Zailtasun handiena idazketa prozesuan hor egon da, ez da berdina 12 urteko neskato baten begiradatik edota 50 urte inguruko emakume baten azaletik hitz egitea. Zailtasunak baditu teknikak baina bere abantailak ere bai, istorioaren hariari jarraitzeko eta irakurlea entretenitzeko aukera asko ematen ditu.

Eleberrian ageri den herriko aguazila da protagonista?

Bai, pertsonaia ugari ageri dira, baina agian protagonista nagusia aguazila da. Berak egin du ikerketa eta bera joan zaie galdezka herritarrei. Gero ordena jakin batean eman ditu lekukotza horiek. Egin du editore batek egiten duen lana. Lekukoei esan die kontatzeko daukaten hori eta haien hitzak errespetatuz eman ditu nobelan.

Lekuko horien ahotsa ezberdintzen saiatu zara. Zerk eman dizu lan gehien?

Pertsonaia batzuk sortzea naturalago egin zait edo errazago atera zait haien ahotsa. Adibidez, Sara izeneko 12 urteko neskatoarena da gehien kostatu zaidana. Etxean denbora asko pasatzen duen neska bat da, irudimen handikoa eta bere pertsonalitatea ondo finkatu nahi nuen. Lana eman dit.

Hitanoa ere erabili duzu testigantzaren batean.

Bai. Badaukagu Lukas izeneko pertsonaia bat. Hilerrian lan egiten duen pertsona bakartia da. Hitanoa erabiliz zuzentzen zaio aguazilari, horrela ematen du bere testigantza. Pentsatu nuen pertsonaia ezberdinek egon behar zutela nobelan eta Lukas bezalako pertsonaia batek hitz egiteko modu hori izango zuela.

Nola egin duzu gazteen ahots eta hitz egiteko modua sinesgarri egiteko?

Garbi nuen garrantzitsua zela sinesgarritasun puntu bat ematea liburuari. Hitz egiteko moduak badu garrantzia. Gazte kuadrilla bat agertzen da nobelan, eta beren hitz egiteko era islatzen saiatu naiz, erdarakada eta guzti. Hitz egiteko garaian botatzen ditugu horrelakoak eta errealitate hori eman nahi izan dut momentu jakin batzuetan.

Lekukoen artean baduzu baten bat gogokoen?

Estimu handia diot adibidez nobelan ageri den aitonari. Ez da asko agertzen baina arrastoa uzten du agertzen denean. Misteriozko atmosfera batek inguratzen du. Azken batean, herri batean biltzen diren ahotsen gehiengoa errepresentatu nahi izan dut. Agertzen dira helduak, zaharragoak direnak, gazteak eta umeak. Batetik bestera mugitzea zen asmoa eta lanketa bat ekarri dit horrek.

 

«Ikasteko aukera bat izan da niretzako eta editorearen iradokizunak tentu handiz entzun ditut»



'Etxe Berdea' eleberrian agertokiak garrantzia handia du. Zein lekutan inspiratu zara?

Alegian neurri handi batean. Oraindik nobelak zertan bukatuko zuen jakin gabe, hasieran idazten hasi nintzen garaian nire intentzioa zen nire haurtzaroko paisaia batzuei buruz hitz egitea. Horien artean Alegiako tokiak daude, baina baita beste toki batzuetakoak ere, edo asmatutakoak. Agertoki hori muntatzea zen nire asmoa eta txikitako paisaia horiek erakustea. Oroitzapen oso politak dauzkat, abentura txikiak bizi genitueneko garaiak zirelako.

2005eko urriaren 29ko gertakariak dira argitu beharrekoak. Zergatik jo duzu hain atzera?

2005ean nik zazpi urte nituen. Iruditzen zait orduko mundua eta gaur egungoa ez direla berdinak. Dezente aldatu da. Garai hartan ez genuen mugikorrik eta umeen jolasteko modua ere bestelakoa zen. Oroitzapen horiek oso gordeta dauzkat eta gaur egun dagoeneko desagertuta dagoen mundu baten isla eman nahi nuen.

Misterio giro hori badu eleberriak eta gero baditu elementu fantastikoak ere.

Herri txikietan egoten dira kondaira edo mito batzuk. Interesgarria iruditu zitzaidan istorio honi elementu hori gehitzea. Irakurleak bere lana egingo du eta batzuk elementu fantastiko horri garrantzi handiagoa emango diote beste batzuk baino. Ez da zuria edo beltza. Irakurlearen aldartearen arabera, irakurketa bat edo bestea egin daiteke.

Trama ez dago erabat itxia. Nahita egin nahi izan duzu hori?

Bai. Aguazilak bere ikerketa egiten du, baina ez da polizia baten tokian jartzen. Irakurleak pentsatu egin beharko du; hausnarketa egin. Nobelak eskatzen du irakurketa aktiboa egitea, irakurlea istorioaren parte sentituko da eta irudimenari eragin beharko dio.

Bada lekukotzarik eman ez baina nobela guztian presente dagoen pertsonaia bat, Xabier. Irudimenezko eta fantasiazko kontakizunaren bitartez, nerabe batek bizi izan ditzakeen gorabeherak islatu nahi izan dituzu?

Bai, neurri batean bai. Pertsonaia garrantzitsuenetako bat da Xabier. Bere bizitzari aldaketa bat eman nahi dio gustura ez dagoelako bere bizimoduarekin. Erabateko buelta emango dio bizitzari eta nora iritsiko den deskubrituko du irakurleak. Nerabezaroan oso ohikoak izaten dira aldaketa horiek.

Gazteentzako eleberri bat dela esango zenuke? Haiengan pentsatuta idatzi al duzu?

Hasiera batean neure burua izan dut gogoan. Niretzako idatzi dudan istorio bat da. Irakurleengan, hala ere, nahigabe ere pentsatzen duzu. Uste dut gazte jendeak irakurri dezakeela, haientzako interesgarria izan daitekeela. Helduentzako ere entretenigarria izan daiteke.

Nola sortu zaizu aukera eleberri hau publikatzeko?

Berezi xamarra izan zen. Uxue Razkin editoreak txio bat idatzi zuen Twitterren. Euskaraz idatzitako nobela beltzen bila zebilela esaten zuen txioan eta posta elektroniko bat uzten zuen. Nire gertukoek irakurrita zuten nire nobela eta haiek animatu ninduten Uxueri idaztera. Bidali nion lehen zirriborroa eta handik astebetera erantzun zidan gustatu zitzaiola eta zerbait egin genezakeela esanez. Urte hasieran izan zen hori eta ordutik hona lanean jardun dugu liburua prestatzen.

 

Aberasgarria izan al da prozesua?

Bai. Ikasteko aukera bat izan da niretzako eta Uxuek egin dizkidan iradokizunak tentuz entzun ditut. Oso gustura nago prozesuarekin.

Biologoa zara ikasketaz, irakasle izateko prestatzen ari zara. Nondik nora idaztearena?

Ez dut idazteko ohitura handirik izan unibertsitatera iritsi arte. Egia da etxean beti liburuz inguratuta egon naizela, gurasoak irakurzaleak direlako oso. Bilbora joan nintzenean, irakurzaleak ziren lagun batzuk egin nituen eta barruan hor nonbait eramango nuen har hori piztu zitzaidan. Irakurtzearekin batera, idazteko beharra ere bateratsu etorri zitzaidan. Gustatu eta segi egin nion.

Zer literatura klase irakurtzen duzu?

Denetarik, esango nizuke. Irakurzaletasuna piztu zidan Edgar Allan Poek, misteriozko gauzak gustatzen zaidalako, bere estiloak segituan harrapatu ninduen. Bram Stokerren istorioak ere gogoko ditut, Shirley Jackson asko gustatzen zait... Bernardo Atxagaren zale amorratua naiz. Euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzen dut nagusi.

Sortzerako orduan zer-nolako testuingurua behar duzu?

Lasai egon behar izaten dut. Soinu asko ez dagoen toki batean, eta iluntzeetan, arratsaldean edo afalostean jartzen naiz idazten gehienetan. Iluna dagoen garaian gehiago sartzen naiz istorioan.

Dena jarraian idatzi al duzu 'Etxe Berdea'?

Hasieran, pertsonaia bat idazten nuen eta beste batera pasatzen nintzen. Aguazilak darama istorio guztiaren haria eta bere partea nahikoa segidan idatzi nuen. Ahotsak desberdintzeko garaian, pertsonaiaka idatzi nituen testigantzak. Gero, saiatu nintzen, istorioari mesede egingo zion ordena bat ematen eleberriari.

Lanketa berezirik egin al duzu hizkuntzarekin?

Bai. Idazten hasi nintzenean hitz gutxiago nekizkien. Gauza askotan erren banenbilen eta idazte ahala ikasten joan naiz. Testu batek atzean bere lana dauka. Hasierako bertsio hartatik bukaerakora alde dezente dago, behin baino gehiagotan orraztu behar izan dut testua. Esperientzia handirik ez neukan langintza honetan, baina oso kontentu nago emaitzarekin. Gustura nago ikasketa prozesu bat izan delako.

'Etxe Berdea' eleberriak bigarren parterik izango al du?

Ez naiz horretan pentsatzen jarri. Baina idazten ari nintzela ibili nuen buruan, istorio honi segida eman niezaiokeela alde batetik edo bestetik. Ez dakit aterako den edo ez, baina segida bat ematea posible da, bai.

Zein ibilbide egin nahiko zenuke literaturaren munduan?

Zerbait idatzita daukat, baina etxeko tiraderan sartuta. Nire egunerokotasunaren parte da idaztea. Maiz idazten dut. Orain arte niretzako egin dut, idazteko behar hori sentitzen dudalako. Ez daukat gauza zehatzik pentsatuta. Nik hari bati tira eta tira, leku batera iristen naiz baina gehiegi aurreikusi gabe. Zerbait ateratzen bada eta publikatzeko modukoa bada animatuko naiz. 10-14 urte inguruko gaztetxoentzako zerbait idaztea gustatuko litzaidake etorkizunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!