ELKARRIZKETA

«Bi urte gogor izan dira, eta gogoa nuen pasarelara bueltatzeko»

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 3a, 07:58

Inge Zubeldia (Alegia, 1993) diseinatzaileak Donostiako San Telmo museoan eginiko San Sebastian Moda Festival desfilean bizi izandakoa hitz batekin definitu du: «Emozioa». Alegiarrak hogeita bi jantziz osatutako 'Mimosa' izeneko bilduma aurkeztu du. Ordu askoko lana izan dela esan du, baina dagoeneko bilduma berri bat du buruan.

Zein sentsazio bizitu zenituen San Telmoko desfilean?

Oso-oso ondo egon zen, egia esan gogoa nuen pasarelara bueltatzeko. Azken desfilea duela bi urte egin genuen, pandemia hasi zenean. Bi urte gogor izan dira eta indartsu bueltatu gara. Pasarelara bueltatzeak eta gure lana erakusteak asko hunkitu gintuen. Azkenean, lan ordu pila bat daude moda bilduma baten atzean, eta nahiz eta urduritasun puntu bat eta neke handia izan, merezi du geroko feedbackak. Desfilea hitz batean laburbildu beharko banu, emozioa izango litzateke.

Zein bilduma da edo zertan inspiratu zara egiteko?

Bilduma honi Mimosa deitu diogu. Bilduma honetan espontaneotasunez jokatu dut, diseinatzeko garaian izan ditudan sentsazioekin eta sentimenduekin gidatuz. Fintasun eta sentsibilitate handia transmititzen duten jantzien berrikuntza eta fantasiari omenaldi bat izan da. Modernotasun delikatu eta sotila eskaintzen da bilduma honetan; beti ere, nire sorkuntzen atenporalitate eta dotoreziari leiala izanez.

Zein oihal erabili dituzu edo ze berezitasun du bildumak?

Tweeda, crepa, tafetana, zetazko pikea, kotoi eta zetazko jacquarda, satina, harribitxiz betetako tulak… Bilduma honetan oihalen mugimenduarekin jolastu nahi genuen. Bai ibiltzerakoan duten mugimenduarekin, baita tafetanak ematen dituen bolumenekin. Tela bakoitzak bere bizi propioa izan ohi du, eta bilduma honetan hori nabarmendu nahi genuen. Silueta aldetik, denetarik dago: patroi asimetrikoak, soineko taxutu luzeak, miniak, midiak, biesean moztutako patroiak, bolumen handiko gonak, eskuz eginiko bordatuen detaileak, bizkar irekiak… Denetarik.

Kolore aldetik nolakoak dira?

Galazko soinekoetan kolore dardarakorrekin egin dut lan. Normalean pastel kolorekoak egin ohi ditut, baina bilduma honetan pixka bat arriskatu egin nahi nuen. Beraz, fuksia indartsu bat sartu dut, baita burgundy indartsu bat ere, oihal satinatuetan, berriz, beige arrosakara edo urdin berdexka bat. Ezkongaien soinekoetarako zuri ezberdinak erabili ditut; zuri-zuria, zuri hautsia eta marfila.

Eta zenbat jantzi egin dituzu?

Kasu honetan, orain arte egin dudan bilduma handiena izan da, denera 22 jantzirekin.

Zenbat denborako lana eskatu dizu hori prestatzeak?

Horrelako bilduma bat egiteak ordu asko daramatza atzetik. Bildumaren inspirazio puntuak sortu, hortik, puntu guztiak batu zentzua izan dezan, gero inspirazio bakarra sortzeko. Diseinuak egiterakoan, normalean aurkezten diren soineko kopuruaren bikoitza edo diseinatu ohi dut, eta horietatik lantzen ari garen bildumarako hoberenak aukeratzen ditut. Patroiak egin, moztu, josi… Eskuz egiten diren detaile guztiak ere josteko denbora dezente behar izaten dut. Beraz… denbora asko! Lehenbailehen hasiz gero hobe. Eta bilduma bat aurkeztu ondoren, hurrengoan pentsatzen hasten naiz.

Nola prestatzen da desfile bat?

Desfile baterako bildumako jantziak ez dira neurrira egiten, hau da, neurri batekoa izaten da. Aurreko egunean fitting-a izaten dugu, eta bertan ikusten dugu ea jantzi hori modelo bakoitzari ondo egokitzen zaion edota moldaketaren bat behar duen. Fitting-ean ni egoten naiz, eta bertan aukeratzen da modelo bakoitzak zein jantzi jantziko duen.

Eta zuk nondik ikusi zenuen desfilea?

Desfileetan atzealdean egoten naiz, ez dut kanpotik ikusten. Barruan ere lan asko egin behar izaten da dena ondo atera dadin: modeloak jantzi, azken orduko detailetxoak ondo ipini… Kanpotik ikusita ematen du backstage-an ere lasaitasuna dagoela, baina ez da horrela, guztiz kontrakoa izaten da. Modeloak korrika jantzi behar izaten dira jantzi aldaketak egiteko. Beraz, desfilea bideoan ikusten dut behin pasatakoan.

Zein feedback jaso dituzu?

Oso-oso positiboa izan da. Oso pozik geratu naiz, eta jendeari ere asko gustatu zaio. Desfilea ikusteko gonbidapen edo eskaera bidez izaten da, eta nire desfilerako edukiera beteta zegoen aspalditik. Hori keinu oso polita da. Publikoko pertsona askok ere hunkituta bukatu zuten.

Orain bilduma horrekin zer egingo duzu?

Desfileetako bildumak nire atelierrean edukitzen ditut, nire bezeroek detaileak ikusi edota formak probatzeko aukera izan dezaten. Baten bati ondo geratuz gero ere saltzeko aukera izaten da, baina desfilekoak izanda, normalean neurri nahiko txikiak izaten dituzte.

ARGAZKIAK: FILTRO CREATIVO / SAN SEBASTIAN MODA FESTIBAL

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!