Andoni Agirrezabala alegiarrak 'Etxe berdea' liburua kaleratu du

Ataria 2022ko urriaren 19a

Erein argitaletxeak eman du argitara Agirrezabalaren lehen obra; detektibe nobela bat. 2005eko urriaren 29ko gertaera tragiko bati buruzko lana da.

Honela dio liburuari buruzko laburpenak:

2005eko urriaren 29an gertatutakoa tragikoa izan zen. Hildakoak, tartean. Poliziak herriko bazterrak nahastu zituen. Kasua ere itxi zuen segituan, baina sakon aztertu gabe. Azalekoari eutsi zion, begien bistakoa zirudien horri, eta alde egin zuen.

Ez, ordea, aguazilak. Zorigaiztoko gertaera uneoro zuen ate joka. Susmo txarra hartuta, bere kabuz abiatu zuen ikerketa. Amaitu zuenean, karpeta batean gorde zituen dokumentuak, udaletxeko bere mahaiko kaxoian. Bertan topatu berri dituzu, irakurle, bizilagunen testigantza batzuk, aguazilarenak ere barne. Herriko Etxe Berdean gertatu zena argitu al zuen? Eta zuk, zer egingo duzu informazio horrekin?

«Ez dakit nondik hasi hau idazten. Ez dakit honetan sartzea ideia ona izango ote den, ezta sinetsiko duzun ere. Baina saiatuko naiz. Saiatu behar dut, errezelo txarrak hartzen hasita nago eta…».

Andoni Agirrezabala Izagirre Alegian jaio zen, 1998an, eta bertan bizi da. Biologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gaur egun irakasle izateko prestatzen dabil. Unibertsitate garaian, hain zuzen Bilbon igarotako urteetan, hurbildu zen literatur mundura; harrezkero idazten du. Hauxe da argitaratzen duen lehen liburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!