Ostegunean hasiko da Alegiako udazkeneko kultur egitaraua

Ataria 2022ko urr. 18a, 07:57

Abenduaren 22ra bitarte, bederatzi ekitaldi izango dira herrian. Inaxio Begiristainen ‘Bata zu eta bestea ni’ obraren antzezpena izango da hitzordu nagusienetako bat.

Urriaren 20tik abenduaren 22ra luzatuko da Alegiako kultura batzordeak prestatu duen udazkeneko kultur egitaraua. Ohi bezala, ekitaldi ezberdin ugari eskainiko dituzte ondorengo bi hilabeteetan: irakurle taldearen saioak, ipuin kontaketak, dokumentalak… Ostegunean emango zaio hasiera irakurle taldeak ‘Landa aldeko neskak’ eleberriaren inguruan egingo duen saioarekin.

Egitarauko hitzordurik nagusiena abenduaren 2an, ostirala, Intxurre antzerki taldea, Inaxio 100 urte taldeak taularatuko duen Bata zu eta bestea ni antzezlana izango da. Inaxio Begiristainek idatzitako obra prestatzen aritu da herritar talde bat eta hitzordu berezia izango da, aurten bete delako Begiristainen jaiotzaren mendeurrena. Datozen asteetan emango dute emanaldiaren inguruko informazio zehatzagoa eta zabalagoa.

Bestela, urriaren 26an etxeko argindar faktura nola murriztu jakiteko tailer bat egingo da kultur etxean, 18:30ean. Bertan parte hartu nahi dutenek urriaren 24ra bitartean eman dezakete izena argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 605 75 76 87 telefono zenbakira deituta. Urriaren 27an, osteguna, Haizea Loira ipuin kontalariak haurrentzako saio bat egingo du liburutegian, 17:00etatik aurrera.

Azaroaren 16an, asteazkena, Apaiz kartzela dokumentala eskainiko da, 19:00etan, Elizpe zinean, eta ondoren, Ritxi Lizartza zuzendariarekin eta protagonistetako bat den Xabier Amurizarekin solasaldia antolatu dute. Hilaren 17an, osteguna, Ines Bengoa ipuin kontalariaren emanaldia izango da, 17:00etan, liburutegian. Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta eguneko aldarrikapenekin bat egiteko ekintzak izango dira.

Abenduari aurrez aipaturiko antzerki emanaldiarekin emango diote hasiera. Hilaren 15ean irakurle taldearen saioa izango da, 18:00etan, liburutegian, eta egitaraua ixteko, Bertzaida Urtazaren ipuin kontaketa izango da abenduaren 22an, 17:00etan, liburutegian.

Ekitaldi bakoitzari buruzko informazioa, lotura honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!