Goenatxo III.ak eta Urrak jantzi dute txapela

Leyre Carrasco 2022ko urr. 16a, 20:55

Arratsaldean jokatu dute harri jasotzaileen XV. Txintxarri Saria Alegian, eta Jon Unanue eta Mikel Lopetegi izan dira jasoaldi gehien egin dituztenak.

Harri jasotzaileak lehiarako gogoarekin zeudela nabari zen. Izan ere, uztailean beroagatik bertan behera utzi behar izan eta gero, XV. Txintxarri Saria berreskuratzea lortu dute. Alegiako plazan aritu dira Urdax Magunazelaia eta Paulo Azpiazu, Jokin Eizmendi eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV, eta Jon Unanue Goenatxo III eta Mikel Lopetegi Urra bikoteak lehian. Indarrez eta batzuk ziztu bizian egin dituzte jasoaldiak. Lehia estua izan bada ere, aurtengo Txintxarri Sariak baditu irabazleak: Goenatxo III.a eta Urra.

Harri jasotzaileek, lau harri eraman dituzte plazara: 200 kiloko eta 125 kiloko errektangularrak, 125 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saio bana egin behar izan du bikote bakoitzak, eta amaieran, kilo gehien jasotzen zuen bikoteak jantzi du txapela. Irabazleek 14.200 kilo jaso dituzte, 119 jasoaldi guztira. Bigarren postuan Urdax eta Azpiazu izan dira, eta hauek 13.850 kilo jaso dituzte, 115 jasoaldi guztira. Azkenik, hirugarren postua Eizmendi eta Izeta IV.arentzat izan da; 13.024 kilorekin eta 108 jasoaldirekin.

Jaialdi berean, Udane Ostolaza eta Aroa Santxez harri jasotzaileek erakustaldia egin dute.

SAILKAPENAK

200 kilo errektangularra

  • Goenatxo III eta Urra: 6 jasoaldi / 1.200 kilo
  • Urdax eta Azpiazu: 10 jasoaldi / 2.000 kilo
  • Eizmendi eta Izeta IV: 8 jasoaldi / 1.600 kilo

125 kilo errektangularra

  • Goenatxo III eta Urra: 37 jasoaldi / 4.625 kilo
  • Urdax eta Azpiazu: 27 jasoaldi / 3.375 kilo
  • Eizmendi eta Izeta IV: 26 jasoaldi / 3.250 kilo

125 kilo kubikoa

  • Goenatxo III eta Urra: 31 jasoaldi / 3.875 kilo
  • Urdax eta Azpiazu: 27 jasoaldi / 3.375 kilo
  • Eizmendi eta Izeta IV: 31 jasoaldi / 3.875 kilo

100 kilo bola

  • Goenatxo III eta Urra: 45 jasoaldi / 4.500 kilo
  • Urdax eta Azpiazu: 51 jasoaldi / 5.100 kilo
  • Eizmendi eta Izeta IV: 43 jasoaldi / 4.300 kilo

Guztira

  • Goenatxo III eta Urra: 119 jasoaldi / 14.200 kilo
  • Urdax eta Azpiazu: 115 jasoaldi / 13.850 kilo
  • Eizmendi eta Izeta IV: 108 jasoaldi / 13.025 kilo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!