Igandean jokatuko dute harri jasotzaileen XV. Txintxarri Saria

Ataria 2022ko urriaren 13a

18:00etatik aurrera, hiru bikote lehiatuko dira Alegiko plazan, uztailean beroagatik bertan behera utzi behar izan eta gero. 

Alegiarrek eta bertara inguratzen direnek, herri kirol jaialdi dotoreaz gozatzeko aukera izango dute asteburuan. Berez, uztailaren 17an zen jokatzekoa harri jasotzaileen XV. Txintxarri Saria. Egun horretan egin zuen bero sargoriagatik, baina, bertan behera geratu zen lehia. Orain, hiru hilabete beranduago, berreskuratu egin dute, eta igande honetan izango da. 18:00etatik aurrera, hiru bikote ariko dira lehian: Aimar Irigoien eta Paulo Azpiazu, Jokin Eizmendi eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV, eta Jon Unanue Goenatxo III eta Mikel Lopetegi Urra.

Harri jasotzaileek, lau harri eramango dituzte plazara: 200 kiloko eta 125 kiloko errektangularrak, 125 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko saio bana egingo du bikote bakoitzak, eta amaieran, kilo gehien jasotzen duen bikoteak jantziko du txapela. Jaialdi berean, Udane Ostolaza eta Aroa Santxez harri jasotzaileek erakustaldia egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!