'Ilargia eta landareak' agendaren aurkezpena egingo dute, Alegian

Ataria 2022ko urr. 11a, 11:58

Ostegunean, hilaren 13an, kultur etxean aurkeztuko dute Argiak kaleratzen duen 'Ilargiak eta landareak' agenda. Agendak ilargiaren araberako urte guztiko lanak biltzen ditu. Aurkezpenean Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga egileek, Iñaki San Azkue biologoak, eta Unai eta Eñaut Agirre bertsolariek parte hartuko dute. 

Alegia aukeratu dute Ilargiak eta landareak 2023ko agenda aurkezteko. Urriaren 13an, ostegunean, kultur etxean izango da Argiak kaleratzen duen agendaren aurkezpena, 18:00etan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara. Bizi Baratzea egitasmoaren barruan, Argiak urtero argitaratzen du agenda.

Hasteko, agendaren egile diren Jakoba Errekondo paisajista eta landareen dibulgazioan erreferente denak eta Antton Olariaga ilustratzaileak hitzaldi bat eskainiko dute. Tartean, Iñaki Sanz Azkue biologoak ere parte hartuko du, eta hitzaldiaren ostean, Unai eta Eñaut Agirre bertsolariek piztiei buruzko bertso zaharrak abestuko dituzte. Aurkezpen hitzaldi berezia izango da. Hitzezko azalpenez gain, marrazkiak eta bertsoak uztartuko dituzte. Era berean, bertaratzen direnek  galderak egiteko aukera izango dute, eta horrela landare-zaleen arteko elkarrizketari bide emango diote esperientziak eta jakintzak partekatuz.

Agendan ilargiaren araberako urte guztiko lanak bildu dituzte. Astez aste eta hilabetez hilabete egin beharreko lanak zehazten dira; baratzean, fruitu arboletan, lorategian edota basoan. Noiz eta zer erein, zer landatu, nola inausi, nola tratatu, zer uzta jaso, nola txertatu… Aparte, agendak urtero gai berezi bat hartu ohi du ardatz gisa, eta 2023koak bioniztasuna izango du; landareen inguruan bizi diren intsektu, anfibio, ugaztun, hegazti,...

Lanen liburu-agenda honek sei urteko ibilbidea du. Bertan landareekin lotutako Jakoba Errekondok urteetan bildutako jakintza osoa irakurri ahalko da.

Horrez gain, Alegia aukeratzearen arrazoia herri baratzeen proiektuari aitortza egin nahi diotela izan da: «Baratze publikoak eta komunitarioak sustatzeak, elikadura burujabetza indartzen du eta baita bioniztasuna ere».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!