Artola Lau Eta Erdiko Txapelketatik kanpo geratu da

Ataria 2022ko urriaren 8a

Artolak Elezkanoren kontra galdu du, Villabonan. BAIKO

Atzo iluntzean jokatutako partidan, Amasa-Villabonako udal pilotalekuan, Elezkano II.ak 19an utzi zuen Iñaki Artola. Honenbestez, Artola Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketatik kanpo geratu da, final zortzirenetan.

Amasa-Villabonako udal pilotalekutik telebistaz lehenengoz eskaini dute pilota partida. 50 minutuko iraupena izan du, eta guztira 219 pilotakada eman dituzte pilotari profesionalek.

Elezkano II. gorriz jantzita 16 tanto egin ditu eta 9 galdu; eta bestalde, Artola, urdinez jantzita, 10 tanto egin ditu eta 6 galdu. 

Tanto bakarra geratzen zitzaionean Elezkanori partida amaitzeko, lehenengoz lau tantoren abantaila lortu du Zaratamokoak. Artolak botilero lanetan Mikel Artola anaia izan du; eta etxetik gertu jokatu arren, ezin izan du Elezkano mendean hartu. Falta batekin amaitu da partida eta azkenik, 22-19 markagailuarekin bukatu da, bizkaitarraren alde.

Partida amaituta, Artolak EITBri zuzenean izandako jokoaren balorazioa eskaini dio: "Partida detailetan erabaki da; tanto gogor gutxiko partida izan da, frontoiaren ezaugarriengatik izan liteke. Frontoi oso azkarra da; orduan, sakea zeukanak pilota eskuan ondo sartzen bazuen, mina egiteko aukera zuen. Kokatzeko denbora gutxi, defenditzeko orduan. Oso partida taktikoa izan da, tanto motzekoak, eta oso sartuta egotea eskatzen duena. Elezkanok erabaki onak hartu ditu. Nik saketan bi falta egin ditut eta hortxe erabaki da".

Lau Eta Erdiko Txapelketatik kanpo geratzeaz ere mintzatu da alegiarra: "Dudarik gabe, nahi baino lehenago amaitu da. Txapelketa ofizialak presatzen denbora pasatzen dugu eta galdutakoan pena halako ere hartzen da. Orain burua altxa, hurrengo partida preparatu eta ez dago besterik".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!