Bukatu dituzte Alegiako Errotaldeko biribilguneko lanak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urriaren 7a

Gaur inauguratu dute Alegiako GI-2133 errepidean, Errotaldeko bidegurutzean, egin duten biribilgunea. Bertatik pasatzen diren ibilgailuen abiadura murriztea da azpiegituraren helburuetako bat.

Esandako epeak baino lehen bukatu dituzte Alegiako hegoaldeko sarrerako biribilgunean egin beharreko lanak. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Alegian bertan izan da lanak ikusten, eta alboan izan ditu Arantxa Irazusta Alegiako alkatea eta zinegotziak. 

Obrak inongo gorabeherarik gabe egin ahal izan dituztela adierazi du Oiarbidek, eta "pozik" azaldu da. Segurtasuna eman nahi izan diote lan hauekin bidegurutzeari eta biribilgunearen helburua abiadura murriztea da: "Zonaldeko abiadura murrizten dela ziurtatu dugu, oinezkoentzako zein erabiltzaile guztientzako segurtasuna irabaziz".

Alegiako Udalaren izenean, Arantxa Irazusta gipuzkoar guztiek egin duten ekarpenarekin "eskertuta" agertu da, eta biribilguneko lanak egin dituztelako. Herrira "hobekuntza" ekarri dutela esan du, eta "orain ikusi egin beharko da nola funtzionatzen duen", gaineratu du. 

Argiztatu egin dute gunea. Ederfil Becker enpresaren aparkalekuaren sarrera eta irteerak ordenatu egin dituzte, eta era berean, oinezkoak ere kontuan izan dituzte; bidegorria jarri dute Altzoko errepideko bidegurutzeraino.

Obrak 263.166,60 euroko aurrekontua izan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!