Alegiako adinekoek ere hasi dute ikasturtea

Ataria 2022ko urr. 7a, 07:57

Adinekoei zuzendutako Txintxarriak Martxan ekimenaren ikasturte berria martxan hasi da, eta atzo egin zuten lehen ibilaldia 30 pertsona inguruk.

Atzo eman zioten hasiera Txintxarriak Martxan ekimenaren denboraldi berriari. Lehen egunean 30 pertsona inguru elkartu ziren. Adinekoak ariketa fisikoa egitera eta elkarren arteko harremanak izatera bultzatzea du helburu egitasmoak, eta izena eman behar dute bertan parte hartu nahi dutenek.

Adin tarte ezberdinei egokitutako ibilbide ezberdinak eskaintzen dituzte, eta parte hartzaile guztiek bere neurrirako egokia den ibilaldia egiteko aukera dute.

Ostegunero, 11:00etan abiatuko dira irteerak plazatik. Aurtengo helburu nagusia pandemia aurreko parte hartze mailetara hurbiltzea dutela adierazi dute udaletik. "Pandemiaren eraginez ekimena bertan behera egon ostean, iaz kosta egin zitzaien adinekoei ibilaldietara gerturatzea", gaineratu dute. Bada, antolakuntzatik Alegiako adinekoak animatu egin nahi dituzte Txintxarriak Martxan ekimenean parte hartzera. Pandemia atzean utzita, ekintza guztiak normaltasunez egin daitezkeela gogorarazi dute, eta "lehen parte hartzen zutenez gain, parte hartzaile berriei ere dei egin nahi zaie ekimenera batu daitezen".

Gogorarazi dute, oraindik izena eman ez dutenek edozein ostegunetan eman ahal izango dutela izena, irteera baino lehen plazara hurbilduta. Gainera, iaz ez bezala, aurten hilean behin hamaiketakoa ere eskainiko diete parte hartzaileei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!