ERREPORTAJEA

Helmuga Ugandan jarrita

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 6a, 07:59

Gaur hiru aste eman zioten hasiera hamar hilabeteko bidaiari Ander Arandia alegiarrak eta Garbi Arroyuelo bilbotarrak; tandem baten gainean doaz, eta Afrikako Ugandara iristea dute helburu.

Lanetik atseden urtea hartu, eta bidaia luze bati ekin diote Ander Arandia alegiarrak eta Garbi Arroyuelo bilbotarrak. Gaur hiru aste atera ziren Alegiako plazatik, eta dagoeneko Extremadurako (Espainia) lurretan dabiltza.

Bidaiaren aitzakia «Sabinen proiektuko lagunak berriz bisitatzea» izan dela azaldu du Arandiak. Emaztea alegiarra duen Sabin Gabilondo dentistak Mukwano Lagun erakundearen bidez, 2006az geroztik, Ugandako komunitate bat laguntzen du. «2013ko udan, bisitan joan nintzen beste bi lagunekin, eta hilabetea bertan pasa genuen; oso intentsua izan zen», kontatu du Arandiak.

Afrika zergatik aukeratu duten azaltzeko eguraldia izan dela gako adierazi du: «Bizikletarekin egin behar dugu, eta kanpoan ibili behar dugunez, ez genuen eguraldi hotza nahi».

Etxetik bertatik atera nahi izan dute bizikletaz, hegazkinak hartzea albo batera utzita: «Tandem batean goaz, eta etxetik ateratzeak erraztu egiten du bidaia»; eta gaineratu du: «Espainia zeharkatu eta Afrika hortxe dugu».



Bizikleta bizitzeko modu du bikoteak egunerokoan. Arandia, gainera, txirrindularitzan ibilia da; «hiru urtez afizionatu mailan nahiko serio ibili nintzen, eta ondo dakit zer den txirrindularitza». Afizionatu maila utzi eta gero, aitortu du bizikletarekin «aseta» amaitu zuela, eta urte batzuetan aparkatua izan zuela. Baina, 2014ko Aste Santuan bizikleta hartu zuen berriro, udalekuetan ezagututako begirale batekin Gasteiztik Valentziaraino bidaia egiteko. «Lehengusuak utzi zizkidan parrilla eta alforjak, eta harrituta gelditu nintzen bizikletarekin zein urrutira iritsi gaitezkeen, eta zeinen ondo moldatu zaitezkeen lekuetara iritsi eta gaua pasatzeko. Liluratuta utzi ninduen bizikletak, baina beste modu batera».

2014az geroztik, bi urtetik behin gutxi gorabehera, bakarrik edo lagunduta beti egin izan duela astebeteko bidaiaren bat kontatu du. Tartean Garbi Arroyuelo ezagutu zuen, eta bikotekidea ere animatu du bizikletaren mundura. Bikotearekin ere eginak ditu bidaiatxo batzuk, eta beti izan dute buruan bidaia luzeagoren bat egiteko asmoa.

EGUNEAN EGUNEKOA

Marokora bitarteko bidaia ia egunez egunekoa planifikatua dute, nahiz eta, zehatz-mehatz zein bide hartu abiatu behar duten egunean edo pixka bat lehenago erabakitzen duten. «Ingurukoen gomendioak entzuten ditugu, baina jendea ez dago bizikletaz ibiltzera ohituta, eta jada jabetzen ari gara batzuetan ez dizkigutela gomendio onak ematen, eta sufritzen ari gara».

Burgostik Sevillarako bidea egiteko, esaterako, Donejakue bidea den Eurovelo 1 ibilbidea ari dira hartzen erreferentzia moduan. Eta Sevillatik Tarifara joango dira Afrikarako bidea hartzeko.

Gauak mota guztietako lekuetan ari dira pasatzen, eta aire librean lo egiteko prestatuta doaz, kanpin denda, estera eta zakuak hartuta. Ostatu edo kanpinen bat ez badute bidean topatzen, atsedenleku edo parkeren batean lo eginez hartzen dute atseden.

Jendea hizketarako gogoz gerturatzen zaie, eta deigarri suertatzen direla diote tandema eta karroarekin doazelako. Herenegun, esaterako, La Aldea del Obispo (Extremadura) herrian geldialdia egitea erabaki zuten, «herri txikia zelako eta igerilekua duelako». Azkenean igerilekua itxita topatu bazuten ere, 300 biztanle eskas dituen herrian biztanle «oso jatorrekin» egin zuten topo. «Parke batean lo egitekoak baginen ere, herritarrak zinegotzi batekin harremanetan jarri, eta euskaldun batek, gehiago ez dela itzuliko, eta herriari emana dion etxe batean egin genuen lo», kontatu du. «Etxe bat izan dugu oso-osorik guretzako».

Sukaldea ere soinean daramate, otorduak egiteko beharrezkoak diren material guztiarekin batera: «Gasolinarekin funtzionatzen duen sua daramagu, behin Afrikara sartzean gasolina topatzea errazagoa delako».

Arropa gutxi batzuk, garbiketarako gauzak, botikin txiki bat... Geldialdiak egiteko beste arrazoietako bat gailu elektronikoen bateriak kargatu beharra dute: «GPS bidez gure ibilbidea erregistratzen ari gara, eta eguzki panel bat daramagu. Nahiko azkar kargatzen ditu gure bateriak», dio, baina konturatu dira sortzen duten baino bateria gehiago gastatzen dutela.



«KARGA-KARGA EGINDA»

Garraiobidea bizikleta dutenez, matxuretarako zenbait material ere gainean daramate. Dagoeneko zulatze batzuk izan dituzte, tandemari lotuta duten atoia edo gurdia estutu behar izan dute, bi kate ditu tandemak eta horietako bat solte samar eta hori ere estutu... Salamancako mekaniko batek ere lagundu ziela kontatu du Arandiak. Praktikak egiten hasiak dira hamar hilabetez lagun izango duten bizikletarekin, baina «oso gustura» doaz bere gainean: «Duen mekanika guztiarekin, oso pozik gaude». Alemaniatik erosia dute bigarren eskuko tandema: «Material onez egina da, eta honelako bidaia baterako segurtasuna beharrezkoa da».

Hogeita bat egunetan hiru atseden egun hartu dituzte, eta gutxi gorabehera lau orduz ibiltzen dira bizikleta gainean, 50 bat kilometro eginez. «Karga-karga eginda goaz», azpimarratu du. 1.000 kilometro eginak dituzte. Oreka aurkitu nahi dute bidaian, eta ez dute lasterketatzat. Tokiez eta bidean aurkitzen dituzten pertsonez ere gozatu nahi dute.

Afrika zeharkatzen hastean ez dakite zerekin egingo duten topo, eta ezjakintasun edo kuriositate horrekin doaz. Era berean, Ugandara iristeko bidea luzeegi dute, eta tartean badakite beste garraiobide batzuk ere hartuko dituztela.

Ez dute etxera bueltarako eguna jarrita, baina uztailerako itzuli nahi dutela azaldu du, «hurrengo ikasturtera begira lana lotzen hasteko».

Erlazionatuak

Lehen pedalkadak

Ataria 2022 urr 06 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!