Informazioa jaso eta ekarpenak egiteko aukera, bileretan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 4a, 07:58

Argazkia: Alegiako Udala

Alegiako Udalak bi ekimen ditu esku artean; Larraitz auzoa eraberritzeko eta hondakinen bilketa berrikusteko herritarren parte hartzea bultzatu nahi du.

Alegiako Udalak uda aurretik bi parte hartze prozesu jarri zituen abian. Bata Larraitz auzoko ekialdea eraberritzeko prozesuari begirakoa da, eta bestea hondakin bilketa sistema berrikusteari dagokiona. Uztailean bilera batzuk egin ostean, aste honetan, alegiarrek, berriz ere, bileretan proiektuen gaineko informazio jasotzeaz gain, euren ekarpenak egiteko aukera izango dute. Gaur, bihar eta etzi izango dira udalak herritarrekin egingo dituen saioak, kultur etxean.

Udalak «nahi baino ekarpen gutxiago» jaso ditu, baina horiek kontuan hartu dituztela eman du jakitera Arantxa Irazusta alkateak. Larraitz auzoko ekialdea eraberritzeko egitasmoari dagokionean, hirugarren proposamen bat prestatu dute, eta gaur bertan aurkeztu dute jendaurrean. Herrian zehar paneletan eman dituzte ezagutzera hiru proiektuak, eta etxez etxe ale berezi bat ere banatu dute. Proiektuez gain, koadro batean gaur egungo egoera, eta hiru proiektuek eskaintzen dutena zehatz azaldu dituzte, aparkalekuak edota aisialdirako eremua eta parkeek izango duten espazioa argituz.

«Hiru aukera horietan egon diren ekarpen gutxi horiei irtenbidea ematen saiatu gara, beti ere, teknikoki posible den bitartean», dio alkateak. «Guk ez dugu gustukoago den proiektu bat, herritarrek esan dezatela», gaineratu du Irazustak. Hori bai, arauak bete egin beharko direla nabarmendu du. «Hiru aukeretan ahalik eta proiektu osatuena ematen saiatu gara, esaterako, parke gehiago edo gutxiago edo aparkaleku gehiago edo gutxiago».

Bata aukeratu edo bestea aukeratu, lanak aurrera eramaterako garaian antzekoa izango dela aurreratu du: «Ez dugu dirutan baloratu, jendearen borondatea nahi dugu, eta herritarren iritziarekin aurrera egingo dugu».

Gaur eta bihar, berriz ere gune bakoitzean egin diren aldaketak azalduko dituzte; «edota zergatik ez den egin aldaketa, hau da, teknikoki posible ez delako. Hori teknikoek esplikatuko dute». Galdera eta erantzunen tartea izango da bileretan, eta berriz jasoko dituzte ekarpenak, eta teknikoki baloratu beharko dituzte.

60 urte urruti ez dituen auzoa da, eta obra honekin kanpo itxuraz gain, azpiegitura guztia berrituko dute.

HONDAKINETAN, HIRU AUKERA

Bestalde, hondakin bilketa sistema berrikusi beharrean aurkitu da Alegiako Udala. Tolosaldeko Mankomunitateko zerbitzua ematen duen enpresak urte berriarekin batera ez du jarraitu, eta plegu berriak atera behar dituela mankomunitateak azaldu du Irazustak. Esleipena egin ahal izateko nolako zerbitzua eta zenbateko kostua izango duen zehaztu behar dute plegu horietan; «aldaketa bat egin behar bada, txikiena izanda ere, orain da garaia plegu horietan kontuan hartzeko», argitu du. Orain ari dira, beraz, plegu horiek idazten, eta udalak orain egoki ikusi du herritarrei galdetzea zerbitzuan aldaketarik egin nahi ote duten edo ez.

Alkateak garbi adierazi du: «Ni ez naiz sistema baten edo bestearen aldekoa, sailkapena ondo eginez gero sistema guztiak dira onak». Azpimarra horretan jarri du: «zabarkeria utzi, eta hondakin gutxiago sortzen ahalegindu beharko genuke. Ez sistema bat bultzatu edo bestea, baizik eta, zaborrik onena sortzen ez dena da».

Edukiontzi handiei begira herri barruan gune gutxi dituzte, baina arrazoia kamioiak dira: «Bilketa egiten duten kamioiak oso handiak dira». «Kokapenak ez ditugu guk aukeratzen, kokapenak teknikoak dira gutxi gorabehera, erabiltzen diren kamioien araberako puntuak dira».

Herritarrek «guztiz ondo» ulertu ez dutelakoan da alkatea, eta gai horren inguruan ere ostegunean bi bilera egingo dituzte bi hizkuntzatan banatuta. Kasu honetan ere, herritarren ekarpenak kontuan hartzen ahalegindu direla eman du jakitera, eta hiru bilketa sistema aurkeztu dituzte herritarrek horien artean aukeratu eta bozkatu dezaten.

Azken finean, herritarrek izango dute hitza eta bozketa bidez aukeratu ahal izango dituzte. Udaletik herritarrek azaroan izango duten aukera behar bezala aprobetxatzea nahi dute.

DEIALDIAK

Gaur, urriak 4
17:30. Larraitz auzoko ekialdea eraberritzeko egitasmoaren berri emateaz gain, hirugarren proposamena aurkeztuko du udalak, kultur etxean, euskaraz.

Bihar, urriak 5
17:30. Larraitz auzoko ekialdea eraberritzeko egitasmoan hirugarren proposamena aurkeztuko dute, kultur etxean, eta kasu honetan gazteleraz izango da.

Urriak 6, osteguna
17:30 / 18:30. Hondakinen bilketa sistemaren berrikusketa prozesuko bilera irekia egingo da. Lehen orduan euskaraz egingo dute, eta 18:30ean, gazteleraz izango da.

Azaroak 4 eta 5
Galdeketak. Azaroaren 4an goizez eta arratsaldez, eta azaroaren 5ean goizez izango dira hondakin bilketa sistemaz eta Larraitz auzoko ekialdeko proiektuaz egingo diren galdeketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!