Txintxarriak Martxan eta Memoria Tailerreko ikasturte berrietarako izena eman behar da

Ataria 2022ko irailaren 23a

Iazko ikasturteko lehen irteera.
Alegiako Udalak ikasturte berriari begira martxan jarriko ditu adinekoei zuzendutako Memoria Tailerra eta Txintxarriak Martxan ekimena. Adinekoak etxetik ateratzera animatu nahi dituzte, eta interesatuek izena eman beharko dute. Urrian hasiko dira bi ekimenekin.

Alegiako Udalak azken urteetako dinamikari eutsiz, herrikoei adinekoei begira dituen ekimenak martxan jartzera doa urrian. Adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatu eta era berean elkarren arteko harremanak sustatzea helburu ditu Txintxarriak Martxan ekimenak. Ostegunero, 11:00etan izango dute hitzordua adinekoek plazan, eta bertatik abiatuta, adin talde ezberdinei egokituriko ibilbideak egingo dituzte. Lehen saioa urriaren 6an izango da.

Izena eman nahi dutenek jada zabalik dute horretarako aukera, eta hilaren 30a izango dute azken eguna. Udaletxeko gizarte zerbitzuen bulegoan edo osasun etxean eman dezakete izena. Alegiako Udalak, osasun etxeak eta herriko beste hainbat eragilek hartzen dute parte ekimenaren antolakuntzan, eta ohi bezala, aurten ere, eragile horietako boluntarioak izango dira irteeretan adinekoei laguntza eskainiko dietenak.

Hasi aurretik, udalak «eskerrak» eman nahi izan dizkie eragile guztiei, eta herriko adinekoak ekimenean parte hartzera animatu nahi dituzte.

Memoria tailerra

Adinekoentzako memoria tailerrak ere ikasturte berria hasiko du urrian. Tailerrean parte hartu nahi duten adinekoek hilaren 30a izango dute izena emateko azken eguna. Kasu honetan, udaletxeko gizarte zerbitzuen bulegoan eman beharko dute, astelehenetik ostegunera 09:00etatik 13:00etarako ordutegian.

Ikasturte honetan gehienez 15 plaza eskainiko dituzte, eta plaza horiek izena emateko ordenaren arabera esleituko dituztela eman dute jakitera. Astean bi aldiz bi orduko saioak egitea dute asmoa, eta informazio gehiago nahi dutenek 943 65 47 68 telefono zenbakira deitu dezakete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!