Alegiako Azokan herritarren postuez gain, kanpotarrenak ere izango dira

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 21a, 07:59

Igandean 11:00etatik 14:00etara egingo dute XV. Artisau eta Nekazal Azoka Berezia, eta 20 postu inguru jarriko dituzte.

Alegian XV. Artisau eta Nekazal Azoka Berezia egingo dute, igandean, 11:00etatik 14:00etara. Iaz hamalau bat postu izan baziren, aurten hogei bat postu jartzea aurreikusten dute. «Beste urteetan bezala barazkiak, jaki ezberdinak, egurra lantzen duena, bitxi ezberdinak egiten dituztenak... Ia urterokoak izango dira», esan du Monika Atxutegi kultur teknikariak.

Bestalde, eta urtero moduan, DBHko ikasleek ikasbidaiarako dirua ateratzeko postua jarriko dute, eta goiz pasa egin nahi duenak zerbait jan eta edateko aukera izango du azokan bertan. Taloak saltzeko postua ere egongo da, eta gozorik ere ez da faltako.

Herriko jendea postuak jartzera animatu dela azaldu du Atxutegik. Hamabi postu herritarrek jarriko dituzte. Gainerakoak, batik bat, inguruko herrietatik etorriko direla zehaztu du: Orendain, Amezketa, Legorreta edota Ibarra.

HERRITARRAK, PREST

Azokaren izen ematea ireki bezala, aurreko urteetan postua jarri izan duten herritarrei deitu egiten diete Alegian: «Iaz postua jarri zuten batzuk ezezkoa esan dute egoera ezberdinengatik, eta aldiz beste berri batzuk apuntatu egin dira. Aldatzen joaten dira».

Berezitasun bat ere izango du, ordea, aurtengo azokak. Orain artean postuak jartzeko herritarrei zuzendua edo herriarekin lotura zutenei begirakoa izaten zen, baina aurten izen ematea irekia egin dute, eta Lizarratik edo Gabiriatik etorriko dira Alegiako azokara postua jartzera. «Orain artean beti ezetz esan izan zaie horiei, baina aurten pixka bat gehiago ireki nahi izan dugu», argitu du teknikariak.

Iaz, pandemiagatik egoera berezia izanik, neurriak jarri eta azoka egitea erabaki zuten. Atxutegik dioenez, «jada urteroko hitzordua da, eta badakigu egin behar dela. Iaz gustura hartu zen, eta aurten ere bai». Gainera, iazko egoera kontuan izanda, aurten errazago antolatu dutela aitortu du.

Herriko plazan sartzea espero du postu guztiak, baina eguraldiari begira jarrita daude: «Printzipioz plazan jartzeko asmoa dugu, eta saiakera hori izango da, baina eguraldi kaskarra iragarrita dago iganderako eta azken momentura arte itxaron beharko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!