"Omenaldirik onena bidea segitzea da"

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 15a, 12:09

Inaxio Begiristain Albisu jaio zela 100 urte bete ziren atzo, eta omenaldi hunkigarria egin zioten Alegian. Erakusketa zabaltzeaz gain, hainbat eragile eta pertsonek parte hartu nahi izan zuten omenaldian. Musika, bertsoak eta dantza tarteko, sortu berri den antzerki talde berria aurkeztu zuten. Abenduaren 2an taularatuko dute Begiristainek idatzia den 'Bata zu eta bestea ni' antzezlana. 

Atzo Inaxio Begiristain Albisu omendu zuten, bere jaiotzaren 100. urteurrenean, Alegian. Hasteko bere bizitza eta ibilbidea jasotzen duen erakusketako ateak zabaldu zituzten Elizpe zineman, eta herritar ugarik egin zuen bisita. Altzon jaioa zen euskaltzalearen ibilbidearen eta egindako lanaren berri ezagutzeko.

Omenaldia zinema atarian bertan egin zuten, eta lehenengo 'garai bateko txistulari' moduan agertzen diren txistulari taldeak bere ekarpena egin nahi izan zuen bi abesti joz: Ikusi mendizaleak eta Elizondo.  Axun Orbegozok euskal kultura sustatu, berpiztu eta mantentzeko egin zuen ahalegina goraipatu zuen, eta Begiristain gogoan, "maitasun handiz egiten zizkigun bakoitzari txistuak", esan zuen.

Jarraian lau bertsolari gazte gerturatu ziren mikrofonora eta bost bertso abestu zituzten, eta honela laburbildu zuten azken bertsoan: 'Komeni da herritar guztiak batzea, gure hizkuntza eta kultura lantzea... Osagaiak bildu ta sutara eltzea! Omenaldi onena hortan segitzea'.

Alegiako Udalaren izenean Arantxa Irazusta alkateak hartu zuen hitza, eta Intxurre Elkartearen izenean, berriz, Felix Irazustabarrenak. Frankismo garaietara begira jarri zen Irazusta, "herri honetan ere sortu zen hizkuntza eta euskal kulturaren inguruan lan egiteko borondatea. Bigarren Euskal Pizkundea deitu zitzaion horrek Alegian ere gauza asko jarri zituen martxan: abesbatza, solfeoa, txistua, dantza, antzerkia, kantua, elkarteak, emanaldiak, ikastaro, talde eragile,...". Guzti horietan tartean egon zela azpimarratu zuen omentzen ari ziren Inaxio Begiristain Albisu. Begiristainen garaia bizi ez zutenei erakustea dutela egiteko azpimarratu zuen Irazustak: "Zutabe zituen euskara eta euskal kultura, eta horiekiko maitasuna oinarritzat hartuta egingo baitu aurrera herri honek".    

Irazustabarrenak gogora ekarri zuen Intxurre elkartea sortu zela 50 urte betetzen direla, eta urteurrena antolatzen hasi zirenean konturatu zirela beste efemeride batek ere gurutzatzen zuela beraiena. "Gure elkarteko 50 urteko ibilbide honetan garai garrantzitsua izan zen antzerki taldea izan genuen garai hori. Inaxio tematu zen antzerkiak bultzada berri bat behar zuela herrian". Elkartearen bueltan ibiltzen ziren gazte batzuk animatu ziren aktore lanak egitera, eta Intxurre Antzerki Taldea sortu zuten. "Iritsi ginen Azpeitiko topaketetan lehen saria eskuratzera, baina, batez ere, eraman genuen herriz herri euskal antzerkia. Inaxioren antzerkia". Bukatzeko eta laburbilduz esan zuen: "Omenaldirik onena bidea segitzea da. Euskaraz, euskaratik, eta kultur inguruan, adibidez, antzerkitik".    

Antzerkia, abenduaren 2an

100. urteurrena dela aprobetxatuz "zerbait egiteko gogoa piztu zitzaigun" adierazi zuten sortu duten antzerki taldeko kideek, eta sortu duten talde berriari Intxurre Antzerki taldea, Inaxio 100 urte izena jarri diote. Abenduaren 2a aukeratu dute antzezlana taularatzeko. 

May Gorostiaga izango dute irakasle eta zuzendari. Begiristainena berarena den Bata zu eta bestea ni antzezlana aukeratu dute antzezteko. Eta "ilusio" handiz ari direla prestatzen aitortu zuten. Hamabi lagunek egingo dituzte aktore lanak: Felix Irazustabarrena, Lurdes Iraola, Alex Goikoetxea, Maider Zabala, Maialen Oiartzabal, Hodei Oiartzabal, Ane Arandia, Agurne Renobales, Iñaki Artola, Imanol Irazustabarrena Unai Zabala eta Endika Arnedo. Eta beste kide asko inguruan laguntzen izango dituztela zehaztu zuten.     

Eskertuta agertu zen Gorostiaga berarengana jotzeagatik. Ez zuela ezagutzen aitortu zuen, eta artista handi batekin topo egin duela adierazi zuen, "erreferente" batekin. "Gero eta gehiago kutsatzen ari naiz bere pasioarekin", gaineratu zuen.

Bukatzen joateko, udal eta Intxurre elkarteko ordezkariek lore sorta eta oroigarriak eman zizkieten senideei. Eta agurra dantzatu zieten Sutarri dantza taldeko dantzariek. 

Omenaldiaren amaieran, alaba den Mila Begiristainek hartu zuen hitza. Alde batetik, eskerrak emateko "omenaldi goxo hau" antolatu zutenei eta bertaratuei. Eta bestetik, nabarmendu zuen, aitak alboan izan zuela "bidelagun ezin hobea eta animatzaile sutsuena, gure ama. Ama beti ondoan izaten zuen", kontatu zuen. 

Mokadu batekin eman zioten amaiera 100. urteurreneko omenaldiari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!