100 urte beteko dira bihar Inaxio Begiristain Albisu jaio zela, eta Alegian omendu egingo dute.
1922an Altzon jaio eta 1984. urtean hil zen Alegian. Begiristain, idazle, antzerkigile, euskaltzale eta Alegiako hainbeste ekimenen bultzatzailearen jaiotzako 100. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte.
Hasteko, bihar, 18:00etan berari buruzko erakusketa irekiko dute Elizpe zineman. Ostean, 19:00etan, Begiristain omentzeko ekitaldia egingo dute, eta bertan izango dira Intxurre elkarteko eta udaleko ordezkariak. Aurkezpena, dantza, txistua eta bertsoak izango dira. Horrez gain, bere obra zati bat lantzen ari den antzerki taldeak agerraldia eskainiko du. Bukaera ederra emateko bertaratzen direnentzat mokadua egongo da Elizpen. Herritar guztientzat irekia izango den ekitaldira hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek.
Inaxio Begiristainen izena daraman kultur eta kirol etxean bere jaiotzaren mendeurrena gogorarazten duen irudia ere jarri dute.
Alegiako Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie Begiristainen mendeurreneko ospakizun ekitaldien antolakuntzan lanean ari diren eragileei eta herritarrei.