Hiru ikastaro antolatu dituzte Alegian

Ataria 2022ko ira. 12a, 14:32

Izena emateko epea irailaren 14tik 23ra egongo da zabalik eta Udal webgunearen bidez egin beharko da.

Alegiako Udalak prest du 2022-2023 ikasturteari begira Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxean eskainiko duen ikastaro eta jardueren zerrenda. Aurten ere hiru jarduera izango dituzte herritarrek eskura: aerobika, pilates eta hirugarren adinekoentzako gimnasia.

Aerobika 16 urtetik gorakoentzat eskainiko da. Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak 19:30etik 20:30era eta irailaren 26an hasiko da. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean eta bazkide ez direnek 51 euro.

Pilates saioak irailaren 26an eta 27an hasiko dira, taldearen arabera. Kasu honetan bi ordutegi eskainiko dira. Alde batetik, astelehenetan eta asteazkenetan 16:45etik 17:45era eta bestetik, asteartetan eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara. Izena ematen dutenek bi txandetako bat aukeratu beharko dute. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean eta bazkide ez direnek 51 euro.

Azkenik, hirugarren adinekoentzako gimnasia saioak ere eskainiko dira. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dira saioak irailaren 26an hasita, 11:00etatik 12:00etara eta hilean 15 euro ordaindu beharko dira.

Ikastaro hauetan izena eman nahi dutenek irailaren 14tik 23ra izango dute horretarako aukera. Irailaren 14an goizeko 9:00etan zabalduko da epea. Izena emateko www.alegia.eus helbidean sartu beharko da eta webgunearen lehen orrian bertan aurkituko duzue izena emateko orrira joateko lotura. Ikastaroekin lotura duen informazio guztia webgune horretan zintzilikatuko da baina modu horretara lortu ezin dutenek, kultur etxean jaso ahal izango dute 10:00etatik 12:30era. Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, kultur etxera deitu daiteke 943 65 46 98 telefono zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi.

Izena ematerakoan, eskaerak jasotzen diren hurrenkeraren arabera banatuko dira plazak eta ikastaroren batean izena ematen duenak urte osoari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du, nahiz eta saio guztietara ez bertaratu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!