Paula del Pozo hamahirugarren izan da Portugalen

Ataria 2022ko irailaren 5a

Paula del Pozo, Saltoki Trikideak taldeko kideekin, Taldekako Errelebo Mistoko Europako Triatloi Txapelketako proban, Gironan.

Paula Del Pozo alegiarrak Europako Triatloi Kopako proban parte hartu du asteburuan, Portugalgo Alhandra hirian; abuztuko azken asteburuan, bederatzigarren izan zen Taldekako Errelebo Mistoko Europako Triatloi Txapelketan.

Paula del Pozo triatleta alegiarra Portugalen izan da asteburuan, Europako Triatloi Kopako proban. Igerian 750 metro, bizikletan 18,6 kilometro eta korrika kilometro bat egin behar izan zituzten parte hartzaileek, eta del Pozo hamahirugarren postuan helmugaratu zen. 58:12ko denbora egin zuen, proba irabazi zuen Finja Schierl alemaniarrarengandik minutu pasatxora.

Abuztuko azken asteburuan, Taldekako Errelebo Mistoko Europako Triatloi Txapelketa jokatu zuten Gironako Banyoles herrian. Del Pozok parte hartu zuen bertan Saltoki Trikideak taldearekin eta bederatzigarren postuan amaitu zuten. Talde bakoitzean lau partaide aritu ziren, bi emakume eta bi gizonezko. Kide bakoitzak triatloi bat osatu behar zuen eta Del Pozok 21 minutu eta 46 segundo behar izan zituen igerian 300 metro, bizikletan 6,6 kilometro eta korrika kilometro bat egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!