Elorri Aldapak Gipuzkoako nagusien bigarren mailan jokatuko du datorren denboraldian

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 8a, 16:00

Irailean hasiko den lehen fasean 14 jardunaldiz osaturiko ligaxka bat jokatuko dute urtarrilaren amaierara bitartean.

Elorri Aldapa saskibaloi taldeak Gipuzkoako nagusien bigarren mailan jokatuko du 2022-2023 denboraldian. Iragan sasoiaren amaieran ez zuten lortu mailaz igotzea baina federazioak mailen antolaketan egin dituen egokitzapen batzuk medio, alegiarrek iaz baino maila bat gorago jokatuko dute irailetik aurrera. Abuztuaren 23an hasiko dute aurredenboraldia eta lehian hasi aurretik lagunarteko bi partida jokatzea da asmoa.

Bigarren mailako lehen multzoan ariko dira beste zazpi talderekin batera: Hernani, Electricidad Perosanz Debasket, Goierri Modelos Ezguba, AZ Casa de la Rioja, DKS, Easo basket eta Mondragon Unibertsitatea A izango dira Elorri Aldaparekin batera multzo hori osatuko dutenak. Irailaren 17an hasiko da lehen fasea eta 14 jardunaldiz osaturiko ligaxka bat jokatuko dute. Elorri Aldapak Easoren aurkakoa izango du lehen jardunaldian irailaren 17an, arratsaldeko 17:00etan, Elorri pilotalekuan. Lehen fase hori 2023ko urtarrilaren amaierara bitartean luzatuko da.

Taldea osatzeko jokalari bila

Iraliean hasiko den denboraldi berriari begira, taldea osatzeko jokalari bila dabil Elorri Aldapa. Taldean jokatu nahiko lukeen norbait balego, elorrialdapa@gmail.com helbidera mezu bat bidali dezake harremanetan jartzeko. Horrekin batera, harrobia ere sendotu nahi dute etorkizunean lehen taldean jokatu dezaketen jokalariak trebatzeko.

Elorri Aldapak zaleen babesa eskatu du denboraldi berriari begira. Iaz baino aurkari zailagoak izango dituzte eta zaleen babesa garrantzitsua izango da maila onean lehiatu ahal izateko.

Horrekin batera, datozen asteetan denboraldi berriari begira martxan jarriko dituen ekimen ezberdinen berri ere emango du taldeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!