ERREPORTAJEA

Txintxarriak isildu dira

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 20a, 07:59

Alegiako Txintxarri abesbatzak 62 urteko ibilbideari amaiera eman berri dio; «pena handiz» bada ere, abesbatzako parte hartzaileen beherakadak eraman ditu erabakia hartzera. 

Ibilbide oparoa izan badu ere, Alegiako Txintxarri abesbatzak kantatuak ditu jada bere azken notak. Uztailaren 2an eskaini zuten eliza bete jende parez pare zutela azken kontzertua. Tolosaldeko Ataria abesbatzako kide izan direnetako batzuekin elkartu da. Amane Aizpuru eta Oneka Artola dira gazteenak 19 urterekin, eta sei urtetatik aritu dira kantuan. Mirari Mendizabalek antzeko bidea du egina, hau da, umetatik hasi eta bizitza osoa eman du abesbatzan. Maite Azpeitia ere 10 urtetatik aritu da kantuan. Nerea Pikabea ikaztegietarra izan arren, 17 urterekin hasi eta orain arte jarraitu du abesbatzako kide izaten. Ibon Azpilikuetak ere Alegian jaioa ez izan arren, 22 urte eman ditu kantuan. Eta Mila Begiristain da beteranoena. Umetan hasi eta 65 urte egitera doala aitortu du, eta «bizitza oso-osoa» eskaini dio abesbatzari. 1974tik hutsik egin gabe aritu da. 

Amaiera hitzak gauza asko bateratu ditu abesbatzan. «Beheraka zihoan», aitortu dute, eta gero etorri zen COVID-19a. «Horrek beste atzerakada bat eman zion», kontatu du Begiristainek, eta «geroztik batzuk ez ziren bueltatu». Azken 32 urteetan zuzendari izan den Garbiñe Orbegozo herritarrak esana zien 60. urteurrenera iristean utzi egingo zuela. Despedida bi urtez atzeratu bada ere, Txintxarri abesbatzaren ibilbidean guztiaren batura izan da amaieraren iturri.

Begiristainek garbi du: «Garbiñek utzi ez balu ere, hau beheraka zihoan». Abesbatzari «txukun» dagoela eman nahi izan diote bukaera. Ordezkoa bilatzeko ere jakin behar zuten zenbat kide zeuden jarraitzeko prest,  eta galdera luzatu du: «Eta Garbiñek aguantatu diguna aguantatuko al zigun beste norbaitek?». Gogora ekarri dute azkenaldian entseguetan behin eta berriz jende askok egiten zuela huts. 




«Pena» hitza erabili dute. Azpeitiak dio: «Jada ez gara ostegunero elkartuko». Txintxarri abesbatzak jende ezberdina elkartzeko eta lagunak egiteko balio izan die. Belaunaldi ezberdinen topaleku izan da, eta sozializatzeko beste gune ezberdin baten moduan zuten abesbatza: «Bakoitza bere lagunartea duena da».

Azken kontzertua
Hilaren 2an eskaini zuten azken kontzertua Alegiako elizan, eta Mendizabalek, esaterako, «emozio askorekin» bizitu zuen: «Alde batetik poza, eta bestetik pena. Hainbeste urtetan altxor bat izan da Txintxarri abesbatza Alegia bezalako herri txiki batentzat. Azken batean kantu korala herrian eta herritik kanpo zabaldu dugu, eta baita herriaren izena ere». «Oso hunkigarria eta berezia izan zen», dio Pikabeak, eta Begiristainek gaineratu duenez, jende asko izan zen.

Eliza bete zuten herritarrek azken kontzertuaz gozatzeko: «Beti izaten zen jendea, baina aspaldiko urteetan ez zen hainbeste jende elkartzen». Aizpururentzat «egun betea» izan zen. «Estresantea ere bai pixka bat, hainbeste entsegu eta azken kontzertuaren presioa ere bagenuen». Artolak aitortu duenez, berriz, oraindik ez zaio iruditzen bukatu denik.

Umeen kontzertuarekin jada hunkitu zela esan du Azpilikuetak. Azpeitiak, aldiz, «oso urduri» hasi zuela kontzertua adierazi du, eta hirugarren kantutik aurrera jada «lasaiago» kantatu zuela. 




Orbegozo zuzendariaren jarrera nabarmendu dute: «Barrutik eramango zuen berea, baina lasaitasuna transmititu zigun».   

Taldetxo bat martxotik aritu zen azken kontzertua prestatzen, eta Orbegozori zer egin, zer oparitu... «Guztia itxita genuen, baina ez genekien Garbiñek nola erreakzionatuko zuen egunean bertan», zehaztu du Azpilikuetak. «Berak horrela jaso izana beste opari bat izan zen», dio. Aho batez, bizitu egin zuten azken kontzertua, eta «ondo pasa eta disfrutatu» egin zutela aitortu dute guztiek. Ospakizun moduan definitu dute.

Kontzertuaren ostean, ordea, herritarrengandik jaso zuten galdera: «Horrela utzi behar al duzue?». Baina, azken kontzertuko errealitatea ez zela benetakoa zehaztu dute: «Ostegunetakoa zen errealitatea». Eta pandemia osteko entseguen baldintza ia-ia amaierako azken kontzertua prestatzea zela esan dute. Behar bezalako bukaera eman ahal izateko konpromisoa hartua zuten hainbat kidek. «Azken hiru asteetan hasi zen berriz itxura hartzen», nabarmendu du Pikabeak. Jende asko faltatzen zela entseguetan kontatu dute. 

Gizonezko bakarrak azpimarra jarri du: «Galerarik handiena hortxe dago, gizonetan. Ni izan naiz gazteena, eta ia azkena sartu dena». Umetatik hasita beti mutil gutxiago izan direla esan dute. Nesken erreleboa errazagoa izan dela. Urte guzti horietan ehunka herritar pasa da abesbatzatik, baina guztira hogeita bost bat pertsona biltzen zituen taldea izan da Txintxarri abesbatza.

Hiru pertsona izan zituzten gogoan, baina, batez ere, Garbiñe Orbegozo izan zuten; «merezimendu osoz honaino ekarri gaituelako», dio Pikabeak, eta  «asko ahalegindu da korua berritzen, nahiz, eta oso zaila den». 

Koru musika bultzatzeko laguntza aldetik ere asko ez dagoela esan dute; «guri udalak eta bazkideek eman digutelako eta  guk jarritakoarekin moldatu gara», esan du Pikabeak, baina «partiturak sortzeko-eta diru laguntza handirik ez da, eta ezta kontzertuak antolatzeko ere».

Aipatu gabe ezin utzi abesbatzari lagundu dion piano-jotzailea, Mariaje Rekondo herritarra, urteotan egin duen «lan eskergarengatik». Eta gogora ekarri behar da 1959. urtean Joxe Gastesiren gidaritzapean eman zituela lehen pausoak abesbatzak. Gizon eta emakumezkoena zen korua sortu zuen, eta elizako loturetatik kanpo zegoena. Txintxarri elkarteak bultzatu zuen ekimena ere izan zen. 

Amaiera eman behar diotela jakitean herritar askok harriduraz hartu duela albistea kontatu dute, eta «pena» agertu dietela. Betikoa dela azpimarratu du Mendizabalek: «Hor dagoenean ez dugu baloratzen eta galtzeko arriskua ikustean edo behin galtzen dugunean, orduan hasten gara pena hori jasotzen». Pikabeak zehaztu duenez, «jendeak pentsatu du Txintxarri abesbatza beti hor egongo zela, baina elikatu egin behar da».

Lagun arteko harremanak
Belaunaldi berrien etorrera «naturaltasunez» hartu dute, urtez urteko joan-etorrian. «Izugarrizko poza ematen dizu» esan du Azpilikuetak:  «Tonto kaletik pasa eta kasu egitea bakarrik, beste batzuk egon daitezke, eta ez dago harremanik, eta kanpora joatean edo bidaietan, harreman politak sortzen dira, eta egunerokoan mantentzen dira. Niretzat oso polita da». Guztiek azpimarratu dute nahiz eta belaunaldi oso ezberdinak izan lagun egin direla. «Eta maila berean jartzen gaitu», dio Pikabeak. «Helduagook ez dugu meritu gehiago». Azken batean guztiek zuten ardura bera: ondo kantatzea.

Maila berean daudela, baina Aizpuruk esan du nabaria izan dela familiako kide txikienak zirela bidaietara-eta joandakoan: «Gurekiko duten maitasuna».  Orbegozorengandik ere antzeman dute, «guregana ezberdin zuzentzen zen zenbait momentutan». 

Azpeitiak azpimarra jarri du: «Urte askotan ostegunero-ostegunero elkartu gara». Baina batik bat, harremanak bidaietan sortu dituztela esan dute, edota geroko afarietan. 

«Helburu batekin ari zara prestatzen, ez da entseguetara etortzeagatik zatozela», dio Mendizabalek.  «Ondo pasatzeko modu bat da, eta elkarren artean harremanak sendotzeko». Aho batez azaldu dute bidaia guztietan «oso ondo» pasa dutela. Gazteenak ere desiratzen egoten zirela bidaiatzeko nabarmendu dute.

Txintxarri abesbatza beraientzat zer izan den galdetuta, bizitzako zati Mendizabalentzat, Pikabeak bizitzako momentu politenetako batzuk bizi izan ditu, gustura egiten ari zaren zerbait izan da Begiristainentzat, familia bat Azpilikuetarentzat, ondo pasatzea eta harremanak errazak izan dira Azpeitiarentzat... Bi zuzendariak herritarrak izateak eta familia horretako kide izateak ere iraunarazi duela korua azaldu du beteranoenak.

 

Haria ez dute eten nahi
Abesbatza amaitu den arren, Txintxarrik elkarte moduan jarraituko du aurrera. Momentuz ez dute ezer esku artean, baina bai Eguberri bezperan eta baita Santa Ageda bezperan ere, abesbatza moduan ez bada ere, kantuan aterako dira Alegian. «Gorpuztu egin behar dugu, baina nahikoa egingarri ikusten dugu», dio Pikabeak. «Orain artean koru batek hiru-lau ahotsetara kantatzeko kantuak izaten ziren, eta kantu berriak aukeratu beharko ditugu». 

Horrez gain, kantu afari bat antolatzeko ideia ere badutela buruan gaineratu du Azpilikuetak;  «ea ba ote den jende berria kantua gustatzen zaiona edo herrian zein behar dauden ikusi nahi dugu». Koru moduan kantari ez bada ere, «musika arloan zerbaitekin jarraitu nahiko genuke», azpimarratu du Begiristainek. 

Txintxarri Txikik jarraipena izango du, Loatzo musika eskolak hartuko duelako bizirik mantentzeko ardura. Beraz, kantuak ez du etenik izango txintxarrien artean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!