Alegiako festak ari dira ospatzen egunotan, eta gaur, Karmen eguna izanik, egitarau oparoa dute aurretik alegiarrek. Giroarte dultzaina taldeak alaituta hasi dute goiza, eta erraldoien kalejira egin dute ondoren. Elizatik abiatuta, herriko kaleetan barrena ibili dira, eta eguerdian, plazan amaitu dute kalejira, sagardo dastaketari eta txorizo eta sardina errei lekua eginez.
Sagardo fresko-freskoa prest zuten pintxoekin batera zerbitzatzeko, eta jendea itzal bila ibili bada ere, jende asko gerturatu da festa girora eguzkiak gehien jotzen zuen momentuan. Goizean Alegiako Karmele eta Juanito erraldoi berriak ibili dira kalerik kale, eta arratsaldean, Villabonakoen txanda izango da. Buruhandiak ere ekarriko dituzte, eta hauek ere, Giroarte dultzaina taldearekin batera egingo dute kalejira. Ondoren, 19:00etan, bertso saioa izango da plazan, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Unai Mendizabalekin. Gaiak jartzeko ardura Amaia Agirrek izango du. Egunero bezala, gaur ere zahagi ardoa izango da Larraitz auzoan, eta ondoren gauerdian DJ Oizeder arituko da plazan.
Hona hemen biharko, festen azken egunerako, prestatu duten egitaraua:
- Hilak 17, igandea
- 09:30. Kalejira berezia herriko txistulariekin.
- 12:15. Demode Quartet taldearen emanaldia plazan.
- 17:30. Apar festa eskolako patioan.
- 18:30. Herri kirolak eskolako patioan.
- Harri-jasotzaileen XV. Txintxarri Saria. Binakako torneoa:
- - Aimar Irigoien – Paulo Azpiazu
- - Jokin Eizmendi – Hodei Iruretagoiena Izeta IV
- - Jon Unanue Goenatxo III – Mikel Lopetegi Urra
- Tartean, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchezen erakustaldia.
- 19:30. Gabenera taldearekin erromeria plazan.
- 21:00. Zahagiardoa, plazan.
- 23:00. Gabenara taldearekin erromeria plazan.
- 00:00. Txintxarriaren erreketa eta jaien agurra.