Alegiako jaiak 2022

Trapu zaharrak atera dituzte abesbatzakoek suziriari su emateko

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 14a, 20:15

Txintxarri abesbatzako belaunaldi ezberdinek eman diete hasiera Alegiako Karmen festei. Abesbatzaren ibilbideari amaiera eman diotela eta, beraiena izan da txupinazoa botatzeko ohorea. Nola ez, kantuan hartu dituzte plaza bete duten herritarrak. Trapu zaharrak eskuan dituztela kantatu dute izen bereko abestia, eta ostean lehertu da suziria.

Karmen festak hasteko suziria ohi baino beranduago lehertu da, baina xanpain usain eta guzti hasi da festa. Txintxarri abesbatzako kideek balkoi guztia bete dute alde batetik bestera. Beraien ardura zen gaurkoan txupinazoa botatzekoa, eta beraiengandik espero zen moduan kantuan hartu dituzte herritarrak. Baina ezustekorik ere izan da.

Abesbatzak 62 urteko ibilbideari amaiera eman diola eta, herriko dantza taldeak ere txupinazoan egon nahi izan du. Dantza bat eskaini diete Sutarriko dantzariek, eta ezustean harrapatu dituzte balkoitik begira zituzten Txintxarriko kideak. Eskertu dute abeslariek eginiko esker dantza.

Alkateak hainbeste desiotako festak hasteko garaia dela esan du, baina "Ez, ezetz da" azpimarratu du balkoitik.

Eta Trapu zaharrak abestia kantatu ostean iritsi da suziriari su emateko unea. Abesbatzako kideen ordezkari, Mila Begiristainek eman dio su suziriari, festa onak opatuz eta gora Alegia oihukatuz.

Behin festa hasita xanpaina astinduz mugiarazi dituzte plazako herritarrak, eta nola ez, gozokiak izan dira txiki eta ez hain txikien pizgarri.

Gaurko egitaraua

21:00. Zahagiardoa plazan.
22:00. Sutarri dantza taldearen emanaldia plazan.
Ondoren. Dantzaldia Joxe Mendizabalen eskutik. 

Bibalabirjen

21:00. Zahagiardoa.
23:30. Kontzertuak: Urkabe eta Malakias & Maixa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!