Alegiako jaiak 2022

'Ez ezetz da' lelopean Alegian prest dute indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa

Ataria 2022ko uzt. 7a, 10:01

Alegiako Udalak eta Eztanda talde feministak sexu erasoen aurkako protokoloa diseinatu dute 'Ez ezetz da' lelopean. Karmen festek irauten duten bitartean indarrean izango da, eta telefono zenbaki bat jarri dute edozeinen eskura. Etxera taldean lagunduta joateko egun eta orduak zehaztu dituzte.

Alegiako Karmen festetan martxan izango da Ez ezetz da lelopean prestatu duten sexu erasoen aurkako protokoloa. Udala eta Eztanda talde feminista elkarlanean aritu dira Ez ezetz da protokoloa prestatzen, eta hainbat puntu jaso dituzte festa egunetarako.

Alde batetik, erasoak salatzeko edo laguntza eskatzeko 606 797 135 telefono zenbakia jarri dute herritarren eskura, eta edozein unetan deitu ahal izango da. Bestetik, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbat gauean etxera taldean joateko hitzorduak egongo dira, etxera bakarrik joan beharrik ez izateko. Talde horiek Orendaingo bidegurutzean elkartuko dira, eta hainbat arduradunek lagunduta egingo dute etxerako bidea. Egunak eta orduak zehaztu dituzte: asteazkenean, 02:00etan eta 04:00etan; ostegunean, 02:00etan; eta ostiralean eta larunbatean, 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan.

Ordutegi horietatik kanpo norbaitek etxera joateko laguntza beharko balu aukera izango du. Horretarako, ordea, aurrez aipaturiko telefono zenbakira deitu beharko du, eta ordubeteko epean arduradun batekin egingo luke etxerako bidea.

Alegiako Udalak eta Eztanda talde feministak jaietan herrira etorriko direnei "festez gozatzea" opa badie ere, "arduraz jokatzeko" deia luzatu dute. Edozein pertsonak jaiez "askatasun osoz gozatzeko" duen eskubidea aldarrikatu dute, eta argi adierazi nahi izan dute "edozein motatako erasoek" ez dutela lekurik Alegian.

Guzti honen gaineko informazioa eman eta jasotzeko, gaur, bilera egingo dute 16:00etan, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!