Alegiako jaiak 2022

Alegiako festetan egingo diren ekimen batzuetan izena eman behar da

Ataria 2022ko uzt. 6a, 11:58

Hilaren 15ean egingo dituzte erretirodunen hamaiketakoa eta nerabeen 0,0 zahagiardoa, eta apuntatu egin behar da.

Badatoz Alegiako festak, eta jaien barruan egingo diren ekimen batzuetan parte hartu ahal izateko izena eman beharra dago. Hilaren 15ean, ostiralean, egingo da erretirodunen hamaiketakoa eta bertara joan nahi dutenek uztailaren 8a izango dute apuntatzeko azken eguna. Interesatuek kultur etxean edo jubilatuen egoitzan bertan eman dezakete izena. Hamaiketakoaren aurretik goizean ibilaldia izango dute, eta hirugarren adinekoen gimnasiako taldeak emanaldia eskainiko du hamaiketakoaren aurretik.

Egun berean, 14:00etan, nerabeen 0,0 zahagiardo bazkaria izango da, eta hauei ere ostiralean bukatzen zaie izena emateko epea. Kultur etxean eman ahal izango dute izena 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 21:00etara.

Jaien aurretik, hilaren 9an, larunbatean, infantil eta kadete mailetako gaztetxoei zuzenduriko 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatuko da eskolako patioan. 09:00etan emango zaio hasiera txapelketari eta 13:00ak inguruan amaitzea aurreikusten dute. Antolatzaileek gaztetxoak txapelketan parte hartzera animatu nahi dituzte, eta izena emateko epea zabalik dagoela adierazi dute. Kultur etxera joan eta bertan eman dezakete izena. Irabazten duen taldeak 100 euroko saria jasoko du, eta parte hartzaile guztiek kamiseta bana eta hamaiketakoa izango dute.

INFORMATZEKO BILERA

Aurten ere Ez ezetz da kanpaina egingo dute Alegiako jaietan. Eztanda talde feministak eta udalak elkarlanean garatu dute, eta sexu erasoen aurkako protokoloa indarrean izango da jaiek irauten duten bitartean.

Protokoloaren nondik norakoak eta funtzionamendua azaltzeko, herritar guztientzat irekia izango den bilera egingo dute, bihar, 16:00etan, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!