Alegian gaztetxoen ekintzailetza eta parte hartzea bultzatu dute

Ataria 2022ko eka. 30a, 07:57

Alegiako Mendi Asanbladak udalaren babesarekin jarri du martxan ekimena, eta emaitzarekin «gustura» daude.

Alegian gaztetxoen ekintzailetza eta parte hartzea bultzatzeko ekimena martxan jartzea erabaki zuen, iaz, Alegiako Mendi Asanbladak udalaren babesarekin. Horretarako Asteasuko Mattin Gizarte Abenturarekin elkarlanean hasi zuten bidea, eta ikasturtean zehar eginiko lana «arrakastatsutzat» dute.

Urrian eman zieten hasiera, horretarako diru laguntzak bideratu eta gero. Horrela, lan deialdi baten bidez ikasturte osorako Mattin Gizarte Abenturako hezitzaile bat kontratatu zuten.

Orain, balantzea egiteko garaia iritsi zaiela aitortu dute: «COVID-19aren egoerak eta neurriek baldintzatuta hasi bazen ere gure proiektua, poliki-poliki bere bidea egiten joan da». Eta Aste Santurako lehen ekimena antolatu zuten gazteek: Herritarrentzat Mendi Ginkana. «Ekimena eta emaitza arrakastatsua izan zela esateko moduan gaude, ia 50 pertsonek parte hartu baitzuten».

HILEROKO BATZARRAK

Hilero antolatzen joan dira gaztetxoak eta batzarrak egin dituzte; «gaztetxoen beharrak eta nahiak bildu eta aztertu ondoren, berauek udalera bideratzeko balio izan du gure proiektuak», zehaztu dute mendi asanbladatik. Orain, «eskaerei erantzuna emanez, udalak Gazte Udalekuak antolatu ditu uda honetarako», kontatu dute.

Mendi asanbladako kideek, eskerrak eman nahi dizkiete bai Mattin Gizarte Abenturari eta baita Alegiako Udalari ere, «emandako laguntza eta egindako lanarengatik». Eta mezu garbia utzi dute: «Elkarlanean herria eraikitzen jarrai dezagun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!