Txintxarri abesbatzak azken emanaldia eskainiko du larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 30a, 11:57
Txintxarri abesbatza Palentziako DueƱas herrian eskainitako kontzertuan, 2017an.

62 urteren ondoren ziklo bat itxiko du Txintxarri abesbatzak. Aurrerantzean kultur elkarte moduan jarraituko du eta ez diote utziko euskal kantagintza bultzatzeari.

Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek emanaldi berezia eskainiko dute uztailaren 2an, Txintxarriren azken emanaldia izango baita. Emanaldia Joan Bataiatzailea Deunaren elizan izango da 20:00etan. Txintxarri Txiki abesbatza ez da desagertuko, baina irailetik aurrera Loatzo Musika Eskolak hartuko du bere ardura.

Duela 62 urte sortu zuten Txintxarri abesbatza eta ziklo baten amaiera iritsi dela esan dute. "Txintxarri abesbatzak sorrerako helburuak bete dituela uste dugu: herritarrak kantagintzan trebatzea, euskal kantuak eta euskal musikagileen lanak ezagutaraztea, eta herriari kantagintzari lotutako emanaldiak eskaintzea. Bide batez, Alegiaren izena Euskal Herritik kanpo zabaldu dugu urteotan. Honenbestez, Txintxarri abesbatzaren amaierak herrian kantagintzaren alorrean proiektu berrien sorrera ahalbidetu dezakeela uste dugu", esan dute Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteko kideek.

Orain arte egindako ibilbidearekin harro azaldu dira abesbatzako kideak. Bostehunetik gora kontzertu eskaini dituzte herrian eta ehun baino gehiago Euskal Herriko beste hainbat txokotan. Guztira, 15 bat bidaia egin dituzte Euskal Herritik kanpo. Bostehunetik gora partitura ikasi ditu abesbatzak, horietatik erdia baino gehiago euskaraz. 250 abeslari izan ditu Txintxarri abesbatzak: 105 gizon eta 145 emakume. "Herriko belaunaldi desberdinen arteko zubi lana egiteko gai izan dira". 

Gogoratu dute era berean, abesbatzak lemazain "ezin hobeak" izan dituela: Joxe Gastesi Iturrioz eta Garbiñe Orbegozo Senperena. "Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak biziki eskertzen die biei hirurogei eta bi urteotan egin duten lan eskerga, nekaezina, irabazi asmorik gabea. Sekulako ekarpena egin diote abesbatzari, euren konpromisoak ez du mugarik izan".

Txintxarri abesbatza desagertuko bada ere, Txintxarri Txikik jarraituko du, baina Loatzo Musika Eskolaren ardurapean, "beraz, kantatzen ikasi nahi duten haur eta gaztetxoek aukera paregabea izango dute Loatzoko irakasleen eskutik". Txintxarri Abesbatza Kultur Elkartea ez da desagertuko. "Lanean segituko du aurrerantzean ere euskal kantagintza bultatzeko ahaleginean. Aurrerago eskainiko dugu gure ekimenen berri. Eskerrak eman nahi dizkiegu Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen ekintzetan modu batera edo bestera lagundu duten guztiei".

Emanaldi berezia

Larunbatean Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean abestuko dute bi abesbatzek eta Mariaje Rekondok lagunduko die pianoarekin. Lehendabizi, taldeko txikienak arituko dira kantuan. Mikel Urdangarin abeslari bizkaitarraren Non geratzen den denbora abestiarekin hasiko dira eta ondoren Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Irri egiten duenari, Ken Zazpiren Ilargia eta Izaroren Paris eskainiko dituzte. Amaitzeko Urretxindorrak taldeari esker ezagutzen duten Soeur Sourire moja belgikarraren Munduko bideak kantua abestuko dute. Lide Alustiza, Maria Alvarez eta Intza Lopetegik lagunduko diete abeslariei akordeoiarekin, hainbat abestitan.

Kontzertuaren bigarren zatian taldeko abeslari helduenak arituko dira. Abesbatzaren kantu bilduman hain ezaguna egin den Kantatuko nizuke abestiarekin hasiko dute euren jarduna, eta ondoren, Juncal Guerrero musikagile andoaindarraren Bi bihotz abestia eskainiko dute. Abesteaz gain, bihotz taupadak irudikatuko dituzte ahotsaren bitartez. Ama baten eta sabel barruan duen haurraren bihotz taupaden inguruko abestia dela esan dute kultur elkarteko kideek. Ondoren, 1966tik 1972ra bitartean herriz herri ibili zen Ez dok amairu abeslari taldearen abestietako batzuk eskainiko dituzte, hala nola, Xabier Leteren Euskal Herri nerea eta Jardin bat zuretzat, Imanol Larzabalen Baionatik Bilbora eta Benito Lertxundiren Gure bide galduak.

Emanaldiaren amaieran, batera abestuko dute bi abesbatzek. Txintxarri abesbatzaren 50. urteurrenerako Xabier Sarasolak eginiko eta Felix Irazustabarrena herritarraren hitzak dituen Pausoz pauso abestuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!