Alegiako jaiak 2022

Jaien aurretik, beroketa festak Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko eka. 29a, 10:25

Antzerkia, musika eta kirola uztartuz Alegiako kultura batzordeak jaiak hasi bitarteko zubi izango den eskaintza prestatu du.

Karmen Jaiak hasteko egun gutxi falta badira ere, Alegiako Kultura Batzordea lan eta lan ari da. Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, festak hasi aurretik zubi lana egingo duen ekitaldi sorta antolatu du ostiralean hasi eta uztailaren 9ra bitarte. Antzerkiak, musikak eta kirolak hartuko ditu herriko txokoak.

Ostiralean, uztailaren 1ean, Arteola taldearen eskutik Frontona kale antzerkia ikusteko aukera izango da, 20:00etan hasita, Kalebeherako parkean. Kultura herrigunera eraman eta kulturarekiko interesa pizteko helburuz sortutako ikuskizuna da Frontona. Hurrengo egunean, uztailaren 2an, herriko musikarien txanda izango da. Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek kontzertua eskainiko dute herritarren aurrean. 20:00etatik aurrera izango da kontzertua, elizan.

San Fermin eguna ere haurrei begirako ekitaldi batekin osatu dute. Chef Nature antzerkia eskainiko da, 19:00etan, eskolako patioan. Markeliñe taldeak aire zabaleko jatetxe batean kokatuko ditu ikusleak, naturarekin konektatuz. Bukatzeko, uztailaren 9an, larunbatean, kirolaren txanda izango da. 3x3 Saskibaloi txapelketa jokatuko da eskolako patioan. 09:00etan eta 13:00etara bitarte ariko dira, eta txapelketa hori infantil eta kadete mailetako gaztetxoentzat izango da.

ETXERA BIDEAN LAGUNTZA

Aurten ere Alegiako festetan gauez etxera laguntzeko zerbitzua eskainiko da udalaren eta Eztanda talde feministaren arteko elkarlanari esker. Asteazken gauetik hasi eta larunbat gauera bitartean eskainiko da zerbitzua eta etxera laguntzen ariko diren talde horietan parte hartu nahi duten emakumeek uztailaren 8ra bitarte eman dezakete izena kultur etxean. 943 65 46 98 zenbakira deituta edo kultura@alegia.eus helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!