Bi parte hartze prozesu jarriko ditu martxan Alegiako Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko eka. 28a, 16:52

Herritarren hitza kontuan hartu nahi du udalak, eta hondakin bilketa sistemaren berrikusketa eta Larraitz auzoko ekialdeko proiektua herritarrekin partekatuko ditu.

Datozen hilabeteetan Alegiako Udalak bi parte hartze prozesu jarriko ditu martxan. Alde batetik, hondakin bilketa sistemaren berrikusketa egingo dute, eta bestetik, Larraitz auzoko ekialdeko hiritartzeko lanen proiektua izango da parte hartze prozesu bidez landuko dutena. Herritarrei «azken hitza» ematea dute helburu udal ordezkariek.

 «Hartu beharreko erabakiak herritarrekin batera, eta ahalik eta adostasunik handienarekin hartzea da udalaren asmoa eta helburua», azpimarratu du Arantxa Irazusta Alegiako alkateak. Norabide horretan, bi prozesuak modu paraleloan garatu nahi dituzte. 

Hasteko, herritarrekin batzarrak egingo dituztela eman du jakitera. Ondoren, informazioa herritarren eskura jarriko dute, eta uda osoan zehar, izan ditzaketen iradokizunak edo zalantzak argitzeko aukera izango dute herritarrek. Horretarako bide ezberdinak jarri dituzte alegiarren eskura: Alegia APP-a, Alegia.eus udaleko webgunea eta udaletxeko postontzia. 
Irailean berriro gaiari helduko diotela esan du Irazustak, «behin betiko» erabakiak hartu ahal izateko.

Hondakin bilketaz
Hondakin bilketaren sistemaren berrikuspenerako hiru arrazoi hartu dituztela kontuan azaldu du. Lehenik eta behin, Tolosaldeko Mankomunitatearen bilketa zerbitzua egiten duen enpresaren kontratu amaiera dela eta, horrek dakarren plegu eta baldintza berrien aldaketa datorrela aurreratu du. 

Horrez gain, bilketa sistema ezberdinen datuek orokorrean geldialdia izan dutela esan du Irazustak, «pandemiak areagotuta»; «ondorioz, berrikuspen baterako beharra ikusten dugu, berriz ere, herritarrak kontzientziatzeko».

Parte hartze prozesu hau herritarren artean gaiaren inguruan egon daitezkeen «kezka edo ezinegonei» erantzun bat emateko aukera moduan ikusten du udalak.

Larraitz ekialdea
Larraitz auzoko ekialdearen kasuan, berriz, Larraitz mendebaldearen hiritartze lanetan egin zen lanketa errepikatzeko asmoa dute; bertako esperientzia «oso modu positiboan» baloratu zen, dio irazustak, eta «herritarrek ere horrela baloratu zuten».  
Auzoko bizilagunez gain, eraberritze lanek eragiten dieten ikastetxeekin, guraso elkarteekin eta herritarrekin batera landuko dela proiektua baieztatu du Irazustak.

Herritarrei lanketa hauetan parte hartzeko deia luzatu die alkateak: «Denon artean erabaki hobea hartuko delako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!