Txintxarriak Martxan ekimeneko kideek bukatu dute denboraldia

Ataria 2022ko ekainaren 16a

Hamaiketakoarekin borobildu dute denboraldia, eta parte hartzaile bakoitzak opari bana jaso du.

Txintxarriak Martxan ekimenaren aurtengo denboraldia bukatu da. Osasun egoerak hobera egin ostean, ikasturteak aurrera egin ahala parte hartzeak ere gora egin duela azaldu dute, eta pixkana bada ere, lortu dela berriro ere adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera eta elkarren arteko harremanak izatera bultzatzea helburu duen egitasmoak gutxieneko normaltasun bat berreskuratzea.

Aurtengo azken egunean ariketa ezberdinek egin dituzte eta ondoren, adinekoek hamaiketako batekin borobildu dute denboraldia. Gustura egon dira elkarrekin kontu kontari eta antolakuntzaren eskutik egitasmoaren ikurra duen telazko motxila bana jaso dute, ekimenean parte hartzeagatiko esker on modura.

Udazkenarekin batera itzuliko da Txintxarriak Martxan. 2022-2023 denboraldia erabateko normaltasuna berreskuratzeko urtea izatea aurreikusten da, adinekoen parte hartze kopuruak pandemia aurrekoak berdindu edota, ahal bada hobetzeko. Udalak eskerrak eman dizkie parte hartzaileei eta baita astero boluntario modura irteeretan lagundu duten eragileei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!