Antzerki talde bat, Inaxio Begiristainen jaiotzaren mendeurrenaren bueltan

Ataria 2022ko ekainaren 15a

Urte amaiera aldera Begiristainen obra bat jendaurrean antzeztu nahi dute.

Inaxio Begiristain, alegiar idazle, antzerkigile, euskaltzale eta herriko hainbeste ekimenen bultzatzailearen jaiotzako 100. urteurrena ospatzen ari dira Alegian. Batetik, herriko kultur, kirol eta gizarte taldeek Kultur Batzordearekin zein Alegiako Udalarekin batera hainbat ekitaldi ari dira prestatzen. Eguna bera irailaren 14an izango da eta lanean ari dira egun horretan antzerkigilearen figura gogoratzeko.

Bestalde, urteurrenaren harira Kultur Batzordeak bultzatuta, antzerki talde berri bat osatu du herritarren artean eta urte bukaerarako Inaxio Begiristainen obra bat landuko dute herrian bertan estreinatu ahal izateko.

Inaxio Begiristain Albizu

Inaxio Begiristain Albizu Altzon jaio zen 1922. urtean eta Alegian hil 1984an. Artisau honek lotura estua izan zuen kultura herrikoiarekin: Beasaingo CAFen lan egin zuen, antzerki lanak idatzi zituen, eta bere jaioterriko eta inguruko herrietan antzerki taldeak sortzearen aldeko lana egin zuen.

XX. mendearen 60ko hamarkadaren bigarren erdian, txistua jotzen zuten interpreteentzako txistuak behar zirela eta, musika tresna horiek fabrikatzen hasi zen. Hasiera batean lagun batzuen laguntza izan zuen, eta ingurunean aurkitzen zituen materialak erabiltzen zituen. Hala ere, makina-erreminta batzuk erosi zituen, horien artean tornu bat, eta ebano egurrezko txistuak egiten hasi zen. 1980an urtean ehun ale inguru fabrikatzera iritsi zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!