Sutarri dantza taldeak izen ematea ireki du ikasturteko berrirako

Ataria 2022ko ekainaren 6a

Hurrengo urtera begira dantza ikasi nahi dutenek aukera dute Alegiako Sutarri dantza taldean. Gaurtik hasi eta hilaren 27ra bitarte eman daiteke izena. Bestalde, ostiralean, ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute pilotalekuan.

Alegiako Sutarri dantza taldea ikasturte berrira begira jarri da, eta matrikulazio epea ireki du. Bost urtetik hasi —2017 urtean jaioak— eta hortik gorako guztiek eman dezakete izena. Gaur ireki dute izena emateko epea, eta apuntatzeko azken eguna hilaren 27a, astelehena, izango da.

Interesatuek matrikula orria bete beharko dute, eta kultur etxean eskuratu daiteke. Kultur etxetik pasa ezin dutenek 616 648 413 telefono zenbakira whatsApp bidez idatzita eskuratu dezakete.

Alegiarrez gain inguruko herrietako herritarrek ere eman dezakete izena Alegiako dantza taldean.

Emanaldia, hilaren 10ean

Ikasturte amaiera ate joka da, eta urtero moduan, Sutarri dantza taldeak ikasturte amaierako ikuskizuna eskainiko du. Ostiralean izango da, eta 22:00etan hasiko da emanaldia Elorri pilotalekuan. Dantzaz gozatu nahi duten guztiek izango dute aukera, eta sarrera doan izango da.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!