Elorri Aldapa laugarren sailkatu da eta ez du mailaz igotzerik lortu

Ataria 2022ko maiatzaren 25a

Elorri Aldapa eta Bergara taldeen arteko partida bat. ALEGIA.EUS

Alegiarrek 69 eta 63 galdu zuten Mondragon Unibertsitatea B-ren aurka zaleen babes faltarik izan ez zuten partidan.

Elorri Aldapak laugarren postuan amaitu du hirugarren mailako gizonezkoen igoera fasea. Alegiarrek 69 eta 63 galdu zuten larunbatean Mondragon Unibertsitatea B-ren aurka hirugarren eta laugarren postua zehazteko partidan. Laugarren amaitu dute eta mailaz igotzeko eskubidea lehen hirurek zutenez, ez dute lortu igoera hori.

Lehen laurden orekatu baten ostean, bigarren laurdenean tartetxoa zabaldu zuten Arrasatekoek. Hirugarren laurdenean alegiarrek 15 eta 28ko partziala egin zuten eta azken laurdenari markagailuan aurretik ekin zioten. Azkenerako ordea, amore eman behar izan zuten eta 69 eta 63 amaitu zen partida.

Taldeak eskerrak eman nahi dizkie larunbatean Arrasatera joan ziren zaleei eta baita urte osoan babesa eskaini dietenei ere. Denboraldia amaituta, egindakoa aztertu, hausnartu eta aurrera begira zer egin zehazteko garaia etorriko da orain Elorri Aldaparentzat. Jokalariek behintzat, ondo merezitako atsedena izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!