Udaleku ezberdinetarako deialdiak, haurrentzat eta begiraleentzat

Ataria 2022ko mai. 19a, 11:03

Alegiako Udalak era ezberdinetako udalekuak antolatu ditu, eta interesa duten haurrek hilaren 23tik 27ra izango dute izena emateko aukera. Uztailaren 1etik 29ra luzatuko dira. Bestetik, begirale lanetan aritu nahi dutenek ere hilaren 27a baino lehen bidali behar dituzte curriculumak, zein ekimenetan interesatuta dauden zehaztuta.

Alegiako Udalak haurrentzako eta nerabeentzako jarduera ezberdinak eskainiko ditu uztailean: udaleku irekiak, kirol udalekuak eta udaleku parte hartzaileak. Alde batetik, HH4tik LH2ra bitartekoek udaleku irekiez gozatzeko aukera izango dute, eta bestetik, LH3tik LH6ra bitartekoek, kirol udalekuak izango dituzte eskura. Azkenik, 2005etik 2009ra bitartean jaiotakoek udaleku parte hartzaileetan aritzeko aukera izango dute.

Udaleku irekien eta Kirol udalekuen kasuan bi txanda izango dira. Lehen txanda uztailaren 1etik 14ra luzatuko da eta bigarrena uztailaren 18tik 29ra. Txanda baten parte hartzeak 49 euroko prezioa izango du eta bietan jarduteak 84 eurokoa. Jarduera guztien ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da, astelehenetik ostiralera.

Udaleku parte hartzaileak berrikuntza dira Alegian. Uztailaren 4tik 22ra eskainiko dira astearte eta ostegun goizetan. Lehen bi asteetan jolasak, tailerrak eta bestelako ekintzak egingo dituzte, eta azken astean bi gaueko irteera bat egingo dute. Parte hartzaile bakoitzak 84 euro ordaindu beharko ditu. Kasu honetan, 2005, 2006, 2007, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek parte hartu dezakete. Herriko gaztetxoen artean harremanak sustatzea dute helburu.

Izen ematea web bidez edo kultur etxean

Izena emateko bi modu egongo dira. Alde batetik, alegia.eus webgunea baliatuz Udalekuak atalean sartu eta bertan topatuko dute interesatuek izena emateko galdetegira bideratuko dituen lotura, izena eman botoia sakatuz. Bestetik, kultur etxean bertan ere eman ahal izango da, 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:00etara.

Maiatzaren 23tik 27ra eman ahal izango da izena, eta informazio gehiagorako kultur etxeko 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi daiteke.

Plaza mugatuak izango direla aurreratu dute udaletik, eta izena ematearen hurrenkeraren arabera egokituko dira. Ekainaren erdi aldera, plaza dutenei mezu elektroniko bat bidaliko zaie plaza konfirmatuz, eta udalekuen informazio orokorra zein ordainketaren inguruko xehetasunak emanez.

Begiraleei deia

Alegiako Udalak uztailean zehar haurrei begirako ekimenak egingo ditu, eta begirale modura aritzeko jendea kontratatuko du. Alde batetik, udaleko irekiak egingo dira, eta bestetik kirol udalekuak. Bi kasuetan, bina txanda egingo dituzte; lehena uztailaren 1etik 14ra izango da, eta bigarrena uztailaren 18tik 29ra.

Begirale lanetan aritzeko interesa dutenek hilaren 27a baino lehen bidali beharko dituzte curriculumak eta zein ekintzatan aritu nahiko luketen zehaztu beharko dute. Curriculumak kultura@alegia.eus helbidera bidali ditzakete edo kultur etxean bertan entregatu beharko dituzte.

Informazio gehiago nahi duenak kultura@alegia.eus helbide elektronikora idatzi dezake, edo 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!