Errotaldean biribilgunea egiteko obrak irailean hasiko dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 13a, 12:52

Alegiako herriaren aspaldiko eskaerari erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Alegiako hegoaldeko sarrerako, hau da, Errotaldeako segurtasuna hobetzeko lanak hasiko ditu. Biribilgune bat eraikiko dute irailean hasita, eta hiru hilabeteko epean bukatuta egotea aurreikusten dute.

Alegiako GI-2133 errepidean, Errotaldean, egungo bidegurutzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune bat eraikiko du segurtasuna hobetzeko helburuarekin. 330.639,37 euroko aurrekontua izango du, eta hiru hilabeteko epean egin beharreko obra guztiak egitea aurreikusten dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua den Aintzane Oiarbide Alegian izan da, gaur goizean, Alegiako Udaleko ordezkariekin batera. Abiadura handian pasatzen direla ibilgailuak azpimarratu du Oiarbidek, eta bestetik, oinezko asko ibiltzen diren errepidea dela. Hori horrela, eta egoerari irtenbidea emateko biribilgune bat egitea erabaki dutela eman du jakitera.

Errotaldean obrak egiteko baldintzatuta daudela esan du, "plataforman bertan egin beharra daukagulako biribilgune hori". Ederfil Becker enpresak berak baldintzatzen ditu, eta bestetik erreka dute. "Baldintza horiek kontuan hartuta egingo dugu biribilgunea, eta biribilgunearen azken eraztuna nolabait zapalgarria izango da kamioi luzeek-eta, giro edo maniobrak hobeto egin ahal izateko", azaldu du Oiarbidek. 

Gobernu Kontseiluan pasa den astean onartu zuten proiektuaren lizitazioa, eta "irailean hasiko genuke obra bera, eta hiru hilabeteko lanak izango dira gutxi gorabehera", zehaztu du.

Azken finean, "behin betiko soluzioa izatea espero dugu", adierazi du Oiarbidek. Oinezkoak eta trafikoa hartu dituzte kontuan: "Altzo aldera joaten da nonbait jende asko ibiltzera, eta bai oinezkoentzat eta baita bide segurtasunaren onerako ere izango da; trafikoa baretzeko irtenbide bat da".

Biribilguneak 34 metroko diametroa izango du kanpoko lerro zurian; 7 metroko eraztun-zabalera; 0,50 metroko kanpoko bazterbidea eta bi metroko zapalgarriko barne-bazterbidea. Behin biribilgunea egindakoan, puntu horretara ibilgailuak bareago edota polikiago iritsiko direla aurreratu du. 

Alegiako Udalaren izenean, Arantxa Irazusta alkateak, trafiko astuna dutela azpimarratu du Amezketako paper tailerra eta harrobia dituztelako, eta "eskerrak" eman dizkie aldundiko ordezkariei, lan horiekin aspaldiko eskaerari irtenbidea emango diotelako. Ez du "guztiz garbi" ikusi oinezkoen arazoari irtenbidea emango zaionik "puntu beltz asko" dituztelako. Hala eta guztiz ere, Alegian lan horiek egingo dituztelako eskertuta agertu da Irazusta, eta aurrera begira ere, beste hainbat lan aurrera ateratzea gustatuko litzaiokeela adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!